PRIMERAN plataformak 50.000 harpideduneko langa gainditu du

Joan den irailaren 15ean jarri zen abian PRIMERAN euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma digitala. Bi hilabeteren buruan, 50.000 harpideduneko langa gainditu du, eta zenbaki hori izan duen erabiltzaileak saria jasoko du: Samsung Galaxy tableta.

Mundura zabalik dagoen euskal leiho digital honek eduki berriak estreinatzen ditu astero; azkena, hain zuzen ere, “Go!azen 10” telesaila izan da. Euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak ez ezik, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrei zuzendutako saioak ere eskaintzen ditu, baita plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Euskarazko kalitatezko edukiak dituen plataforma digitalik handiena dugu PRIMERAN, euskal eta euskarazko ekoizpenetara irekia. Izaera hori goraipatuz, hain zuzen ere, Euskal Kazetaritza Saria eman berri dio Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak.