Durangoko Azoka honetan izango diren nobedadeak

Durangoko Azokarako iritsiko diren nobedadeak argia ikusten hasiak dira dagoeneko. Migrazioari, gerrari, osasun mentalari eta gorputz feminizatu eta prekarioen gatazkei loturiko testuak gailentzen dira katalogoan lehen begi kolpean.

Joseba Larretxeak aipatzen zuen joan den egunotako Euskadi Sarien ekitaldian, 2023. urtea euskal komikigintzaren urterik oparoena izan dela eta editorialek ohitura ez galtzearen alde egin dutela dirudi. Besteak beste, Astiberrik Joe Saccoren ‘Palestina’ nobela grafikoa euskarara ekarri du. Liburuan gatazkaren alderdi sozialak eta politikoak aipatzen barneratzen da egilea eta hainbat sari, besteren artean American Book Award entzutetsua, irabazita dator gurera.

Bestalde, gorputzaren edota gorputz prekarioen gaineko diskurtsoa hizpide duten testuak argitaratuko dituzte Alberdaniak, Susak, Elkarrek nahiz Denonarteanek. Lehenengoak bigarrenez emango du Goiatz Labandibarren ‘Amez’ ipuin-bilduma gaztelaniara itzulita. Amatasun desberdinez diharduen 21 ipuineko liburua berritzailea izan zen euskaraz eta orain, urtebete beranduago, gaztelaniaz doa ‘Comadres’ izenburupean. Elkarrek Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eleberria argitaratuko du. Bikote-harreman baten hausturaren aurrean emakume protagonistak erakutsiko duen babesgabetasuna izango du ardatz liburuak. Hartara, narratzaileak maitasunaren eta dependentziaren arteko harremanaz hausnartuko du liburu honetan. ‘Aitaren etxea’ bere aurreko eleberrian protagonista genero-desorekaz jabetu eta senarrarengandik urrunduz, bere bidea egiten saiatzen den emakume bat bazen, hau da, haren ahalduntze prozesuaren kronika egiten bazen, kasu honetan, dagoeneko hainbat alderditan ahaldundua den emakume bat erakusten du egileak, baina erabat behea jotzen duena maitaleak uztean. Denonartean editorialaren eskutik ere haur eta gazte literaturan helduko zaio gaiari: ‘Gorputz txiki batean jaio nintzen’ kontakizunean Mikel Uribelarreak trans bizipena kontatuko du, gorputzari esleitutako genero-espresioaren bat ez etortzeak eragin ditzakeen desoreka eta bazterketez hausnartuz.

Haur literaturaren esparruan jarraituz, Astiberri editorialak klasiko bat euskaratu du: ‘Moby Dick’. Berdin-berdin, editorialaren joerari fidel, haurrentzako komikiak ere argitaratuko ditu argitaletxe bizkaitarrak. Txangoan txiripaz edota Uxio eta lagunak dagoeneko dendetan eskuragarri dira. Bestalde, beste helburu gisa Biga bilduma azokarako erabat berreditatzea izango dute. Denonartean argitaletxeak ere hainbat ale emango ditu haur eta gazte literaturaren barnean: album ilustratuaren barnean Eloy Morenoren ‘Ikusezin’. Biren artean kontatzeko ipuinak ekarriko dute euskarara eta gazte literaturan Jabier Muguruzaren ‘Jajatxo’ nahiz Ane Bastidaren ‘Hideane eta bere lagunak’ izenburuak salgai izango dira. Bestalde, Juan Luis Zabala eta Iñaki Martiarenak ‘Memoriaren ibaia’ komikia ondu dute. Hainbat gizarte-gatazka loturik ageri dira Leitzaran autobide eta ibaiaren inguruan bi protagonistek osatuko duten ibilbide honetan.