UNAI GANDARIAS /2019-12-16/ Une hunkigarri batean, Xabier Gaztelumendik bere semea den Beñat Gaztelumendiri jarri zion txapela. Añorgakoak joan den larunbatean irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bigarren aldiz Illunben, 940,5 puntu eskuratuta.
Bigarren postua, Agin Laburuk eskuratu zuen bigarren fasean fin aritu ostean (916 puntu). Alaia Martin geratu zen hirugarren (576 puntu), buruz burukora pasatzeko aukerarik izan gabe. Laugarren lekua Nerea Elustondorentzat izan zen (565,5 puntu). Bosgarren tokian Oihana Iguaran geratu zen (560 puntu) eta seigarrenean, aldiz, Ane Labaka 552 punturekin aurten bere lehen finalean abestu ondoren. Zazpigarren lekua Beñat Lizasorentzat izan zen (541 puntu) eta Jon Maia geratu zen zortzigarren (533 puntu).
Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak gidatutako saioa hasi baino ordubete lehenago Illunbe aretoan mugimendua zebilen jada. Finalisten jarraitzaileek hainbat pankarta zin-tzilikatu zituzten animoak emateko. Liluratu baietz flamengo ta hango! Maite zaitugu Ane;Hariz ari, txapela josi Aupa Oihana; Hementxe data, hementxe dala… Aupa Beñat!!!;Aupa Laburu txapela seguru! dira irakur zitezkeen mezuetariko batzuk. Guztira 6.000 lagun bildu ziren finalean eta oholtzara igo ziren bertsolariez gain, beste bertsolari batzuk ere bertan izan ziren;Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio edo Andoni Egaña, esaterako.
Norberak bere agurra kantatu ostean, finalaren lehen zatian bertsolari bakoitzak 15 bertso puntuagarri abestu zituen. Zortziko handiko ariketa Jon Maiak eta Agin Laburuk hasi zuten. Lan egiten duten enpresan, lan orduetatik kanpo, lehen sorospenetako ikastaroan izena emateari buruz aritu ziren kantuan. Elustondok eta Martinek haurdun dauden emakumeen lekuan abestu zuten. Lizasok eta Iguaranek, aldiz, eskiatzera joan nahi, baina dirurik ez duen bikotearen paperean jardun zuten. Eta zortziko handiarekin amaitzeko, Labakak eta Gaztelumendik enpresa bateko zuzendaritzako kideak balira bezala abestu zuten.
Jarraian, zortziko txikiko gaietan umorez jardun zuten bertsolariek. Laburu aita eta Elustondo boxeoan hasi nahi duen alaba gisa aritu ziren, elkarren artean ezbaika. Ondoren, Martin 20.00etan soberan geratu diren ogiak oparitzen dituen okinaren azalean jarri zen;Jon, berriz, okindegia itxi baino bost minutu lehenago agertzen den bezeroarenean. Iguaran eta Labaka lagunak Egunean behin aplikazioko taldeari buruz aritu ziren, Labakak asmatutako galdera kopuru susmagarriaren inguruan. Ariketaren amaieran, Gaztelumendi eta Lizaso ere lagunen paperean aritu ziren, elkar zirikatzen. Puntutako ariketan ere fin ibili ziren bertsolariak. Besteak beste, litxarreriei, langile autonomoei, kirol arropei edo tabernei buruz aritu ziren kantuan.
Hamarreko txikian jarduteko unea iritsi zen gero. Gai serioagoen inguruan aritu ziren kantuan: etorkinen gaia, suizidioa, bortxaketak eta zentsura izan ziren min-tzagai. Atsedenaldi txiki baten ostean, kartzelari ekin zioten eta bakoitzak hiruna bertso abestu zituen zortzikotearen azken lanean.
Buruz BurukoaLaburu eta Gaztelumendi iritsi ziren buruz burukora. Sei puntuko motzean, urruneko planeta bateko biztanleen azalean jardun zuten. Euren planeta suntsitzera datozela jakin eta beste planeta baten bila hasi edo ez eztabaidatu zuten.
Puntutako ariketan Realaren eta Barçaren partidua ikustera etorri diren bi zale izan ziren. Anoetara joan ordez, ordea, Illunbera joan zirela ohartzean, bertsolarien itsurari buruz aritu ziren kantuan. Azkenik, kartzelaren une itxaropentsua iritsi zen. Esan eta esan aritu arren ez entzunarena egiten dizute gaia jarri zuen Ion Zaldua aurkezleak. Laburuk autismoa duen seme baten aitaren azalean jardun zuen, hezkuntzak horrelako pertsonak baztertzen dituela adieraziz. Gaztelumendik, aldiz, lagunei betiko kanonak ez dituela errespetatu nahi errepikatzen dien 32 urteko pertsonaren lekuan abestu zuen azken ariketa. Saioaren amaieran Gaztelumendi irabazleari, bere aita Xabier Gaztelumendik jantzi zion txapela. Zalantzarik gabe, argazki polita utzi zuen larunbateko final handiak.
Hauxe izan zen txapeldunaren agurra:
“Bertso eskola bukatzean nor egoten zen gure zain
gaixo geundenean nor zen min denak goxatzeko gai
guk festa egin genezan nor ez zuen egiten jai
eta nork eraman gintuen sabel barruan bi anai
nahiz eta igual ez zenuen gaur protagonismorik nahi
ama hau zuri eskaini gabe enengoke lasai
Xabierren semea naiz eta Pilirena ere bai.”
Saikapena
1.- Beñat Gaztelumendi 940,5
2.- Agin Laburu 916
3.- Alaia Martin 576
4.- Nerea Elustondo 565,5
5.- Oihana Iguaran 560
6.- Ane Labaka 552
7.- Beñat Lizaso 541
8.- Jon Maia 533