Aurtengoan ere, eta nola ez, nobedade musikalen uzta aberatsa egongo da abenduaren 6tik 10era bitartean ospatuko den Durangoko Azokan. ‘Fantasia Da!’ lelopean datorren 58. edizio honetan, estilo askotariko musika dakarte sortzaileek: elektronika, folka, popa, rocka, punka, indiea… Ez da bat ere diskriminatzen. Ziur haien izenak ezagutzeko irrikitan zaudela, ezta? Ba adi, euskal musika talde eta bakarlarien nobedade horiek ezagutzen hasteko aukera bat badago eta. Zein den jakin nahi? Jada entzungai dagoen Durangoko Azokaren playlista, zein bestela!
Badok atarian aurki dezakezu, eta baita azokako webgunean zein Spotify plataforman ere. Momentuz, 60 abestik osatzen dute zerrenda, guztiak euskaraz direlarik. Hala ere, antolakuntzatik adierazi dutenez, Azoka heldu bitartean zerrenda hori eguneratzen joango da.
«Zerrendako diskoak Landako Guneko erakusmahaietan egongo dira salgai, eta horietatik 70 zuzenean entzuteko aukera egongo da Ahotsenean. Disko berrietako zenbait QR kode bitartez ere entzun ahalko dira azokan bertan», gaineratu dutenez ere.
Entzungai dauden kantuen artean, talde eta bakarlari ezagun zein ez hain ezagunen izenak aurkituko dituzu. Izan ere, hori da Azokak bilatzen duena, sortzaile berriei ateak irekitzea. Oraindik aste bat falta bada aurtengo egitarau osoa ezagutzeko, antolakuntzatik eman izan digute nobedadeen aurrerapen txiki bat, hona hemen doana: abenduaren 6tik 10era bitartean, 49 talde igaroko dira Ahotseneko oholtzatik, Plateruena Kultur Aterpean kokatuko dena beste behin. Nabarmentzekoa da, 49 talde horietatik hamazazpik lehenengo diskoa plazaratuko dutela. «Sortzaile berriei ate bat zabalduz, euskal kultura indartzen jarraitzea da Durangoko Azokaren helburua», azaldu dute.
Sortzaile berri, zein ezagun
Izatez, kulturaren plaza da Durangoko Azoka, sortzaileen lanak kulturazaleekin partekatzeko topagune ezin hobea. Jakina denez, Ahotseneak musika eta literatura aurkezpenak jasotzen ditu, euskal musikari eta idazleen erakusleiho bihurturik. Musikaren arloan, ibilbidea hasita duten taldeak eta hasiberriak batuko ditu. Hamazazpi taldek lehen diskoa plazaratzeko ametsa beteko dute Durangoko Azokan, eta hauek dira beraien izenak: Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi.
Gainerako 32 taldeei dagokienez, askotariko estiloak jorratuko dira. Nøgen taldeak labetik atera berri duen diskoa aurkeztuko du, adibidez. Musikan 30 urtetik gora daramatzan Leihotikan taldea indarberrituta dator, Berri Txarrak talde desagertuaren ahots eta irudi den Gorka Urbizuren ekoizpenarekin eta kolaborazioarekin. Rock estiloaz harago, Amorante eta Ibil Bediren proposamenak aipatu daitezke, besteak beste. Hona hemen talde guztien izenak, motorrak berotzen hasteko: Amorante, Arima, Braulio, EKG, Esanezin, Ezezez, Feline, Ibil Bedi, Intza, Jabi Patxon eta Kofradia Rock, Kemaronte, Konpost, Kuma No Motor, Leihotikan, Lotura, Marlik, Miren eta Roberto Etxebarria, Modus Operandi, Moxal, Murgi, Muzak, Nøgen, Otoi, Postal Kolekzionistak, Rukula, Sara Zozaya, Silitia, Toc, Yogurinha Borova, Xabi San Sebastian, Zeker eta Zukan.
Abenduko lehen astean Durangora hurbiltzerik ez daukatenek ez dute zertan kezkatu, izan ere, emanaldi guztiak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira, Durangoko Azokako webgune ofizialean (durangokoazoka.eus).
DA! PRO
Eta, sortzaileei ikusgarritasun hori ematearen bide berean, Azokak DA! PRO egitasmoa jarri du martxan beste behin eta bosgarren urtez jarraian. Azaroaren 28an eta 29an ospatuko da, musikaren eta familia ikuskizunen sektoreetako sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko helburuarekin. Durangoko Azokaren eskutik dator ekimena, eta BBK izango da babesle nagusia. Bertan parte hartzeko inskripzioa martxan dago Azokako webgune ofizialean.
DA! PRO topaketan, sortzaileek euren lanak erakutsi ahalko dituzte sektoreko programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen aurrean. Aurkezpenak euskaraz izango dira. Azaroaren 28an, familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel udal bibliotekan; biblioteka bera eta Berbaro euskara elkartea ekintza horren laguntzaile dira. 29an ordea, musikarien txanda izango da, Musika Bulegoarekin batera Plateruena kultur aterpean emango dena. Jardunaldi biak goizean emango dira, 9.00etan hasi eta 14.00etara bitartean garatuko direlarik. Topaketari esker, urtean barrena Euskal Herriko kultur aretoetan ekintzak prestatzen dituzten programatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte sortzaileen lanak.
Gainera, topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan -musika eta familia ikuskizunak- jasoko dira. Katalogo hori teknikarien eta programatzaileen eskura ipiniko da eta urtean barrena kontratazioak egiteko erabilgarri izango dute. Topaketara etorri ezin duten programatzaileek, izena emanez gero katalogoa jasoko dute.
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak MusikaGaz Fest jaialdia antolatuko du urtarrilean eta, nobedade modura, nabarmentzekoa da kontzerturako zenbait talde DA! PRO topaketan parte hartuko duten musikarien artean hautatuko dituela.
Iturria: El correo