1.500 pertsona bilduko dira San Mamesen Berbagunearen baitan

‘Denon artean euskara eraikitzen’ lelopean, Berbagunea ekimenaren X. edizioa Bilboko San Mamesen ospatuko da, Athletic taldearen sorreraren 125. urteurrenarekin bat eginez. Orotara, 1.500 lagun bilduko dira «euskara kalera ateratzeko eta hizkuntzaren eguneroko erabilerak duen garrantzia aitortzeko».

Beste behin, adin eta egoera guztietako euskaldunak mahai baten inguruan bilduko dira hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko. Hiru txanda izango dira goizez eta bat arratsaldez, bakoitza ordu eta erdikoa. Moderatzaile batek gidatuta, taldeek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo dute, eta parte hartzeko hemen eman dezakezu izena.

Giro lasaian, parte hartzaileek liburuei, kirolari, aisialdiari eta beste gai interesgarri batzuei buruzko elkarrizketak partekatuko dituzte beste euskaldun batzuekin. Egun osoan lau txanda antolatuko dira: 9.30etik 11.00etara, 11.00etatik 12.30era, 12.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 18.30era.

Zer da Berbagunea? Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Bilboko Udalaren Euskara eta hezkuntza arloak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako ekimena da. Egitasmoa honen erronka euskararen erabilera kalera ateratzea izango da euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin euskaraz berbetan jartzea. Euskara euskaraz konpartitzea da asmoa. Euskaraz ulertzeko gaitasuna duen edonork har dezake parte, nahitaezko baldintza, euskarazko solasaldia oztopatuko ez duena. «Euskaldunak eta euskaldun hartzaileak batu nahi ditugu», ondorioztatzen dute.