“Lanean hasi baino 15 minutu lehenago ezagutu genuen elkar”

DJ Ismeder izenaren azpian bi lagun daude ezkutatuta, baina ageri-agerian, edozelan ere, Oizeder Mayo eta Isma Pereira dira DJ Ismeder. ETB2ko “El Conquistador del fin del mudo” saioko aurpegi ezagunak dira, non animatzaile musikalak eta sare sozialak kudeatzen dituzten. Horretaz gain, Oizeder Mayo EITBko Gaztea irratiko esataria da eta Isma Pereira akore eta animatzilea.

Lehenik eta behin, kontuan izanda lanez gainezka zabiltzatela, zelan zaudete?
Pozik egindako lan guztiaren emaitzarekin, izan ere, oso pozgarria da emaitza onak ikustea, lan handia egin baita. Baina, aldi berean deskantsatzeko beharrarekin. Mentalki zein fisikoki, baina ez da posible izango Ismeder proiektuarekin etenik ez dugulako, eta zoriontsu horrekin ere.


Biak El conquistador del fin del mundon lan egiten duzue, hain zuzen ere, sare sozialetaz arduratzen zarete. Bertan ezagutu zineten edo aldez aurretik ezagutzen zenuten elkar?
Ba bitxia da, baina lanean hasi baino 15 minutu lehenago ezagutu genuen elkar eta segituan konturatu ginen gure artean konexioa zegoela eta bibrazio berdinean mugitzen ginela. Hortik aurrera handitzen joan ginen eta lanetik kanpo ere lagunak egin gara, nahiz eta biak izaeraz oso desberdinak izan.


Nolakoa da hain arrakastatsua den programa batean lan egitea? Anekdota txiki bat kontatu ahal diguzue?
Oso oso oso intentsua, gainera zuek esan bezala, kontuan izanda El Conquistador del fin del mundu Euskal Herrian duen garrantzia. Hala ere, beti berdina aipatzen dugu baina benetako realitya kamera atzean dagoena da, alegia, lan egiten dugun lan taldean sortzen diren istorio eta bizipenetan. Adibidez, duelu baten grabaketaren aurretik Ismak tester lana egin zuen (duelua probatu zuen) eta amaitzerakoan istripu txiki bat izan zuen eta odolez atera zen uretatik, hondartzan bertan josi behar izan zioten bekaineko zauria. Eta hori guztia bitartean, Oizederrek grabatu behar izan zuen.


Nolatan sortu zen Ismeder proiektua?
Izena, shippeo moduan sortu zen Conquiseko sareetarako bideo bat grabatzen ari ginen bitartean. Eta proiektu moduan askotan luzatu diguten proposamena izan da publikoaren aldetik, bakarka egin izan ditugu diskofestak, ezkontzak eta animazio ekitaldiak… Baina ideiak forma eta indarra, lan egun baten osteko garagargo arratsalde batean hartu zuen. Bertan idearik onenak sortzen dira eta jajaja.

Hasi berri den proiektua da, ze nolako harrera izan du gazteen artean?
Inongo helburu zehatzik gabe sortutako proiektua izan da, egiten dugunaz disfrutatu nahi genuen hori bai, izan ere, biak musika maite dugu eta baita ekitaldiak egitea ere. Lehendabiziko diskofesta Amurrion izan genuen eta harrituta eta izututa geratu ginen ikustean zenbat jende hurbildu zen. Ikaragarria izan zen eta izaten ari da.


Argi dago bien artean harreman oso ona duzuela, baina, egia esan une batean, atseden hartu behar duzue elkarrengandik?
Txantxa berdina egiten dugu baina gure bikotekideekin baino denbora gehiago pasatzen dugu elkarrekin… Umore, lan egiteko joera eta bizita ulertzeko modu berdina dugu eta horrekin ia dena egina dago. Horregatik nahiz eta lan eguna bukatu elkarrekin kaña batzuk hartzera joaten gara (hori bai, debekatuta dugu lanaz hitz egitea). Hala ere, bai oporrak izan ditugu eta begi bistatik galtzea ondo etorri zaigu.

“Guk oholtza gainean publikoarekin festa giroa sortzen dugu, jokuak,
erronkak… eginez”

DJak edo musika anima­tzaile bezala definitzen dituzue zuen buruak. Zergatik?
Musika animatzaile-dinamiza­tzaileak gara. Guk oholtza gainean egiten duguna hori da, publikoarekin sortu festa giroa: jokuak, erronkak… Oizederrek pisu handiagoa du musikan eta Ismak berriz animazioan baina paperak ere aldatzen ditugu egoeraren arabera.


Zuen txikitako ametsa musikarekin erlazionatuta zegoen edo zerikusia ez duen beste alderdi batekin?
Isma: Nik txikitatik aktorea izan nahi nuen eta horregatik arte dramatikoa ikasi nuen eta bide horretatik jo dut.
Oizeder: Nire kasuan, txikitako ametsa astronoma izatea zen baina gero nerabezaroan komunikazioaren mundua deskubritu nuen. Musika beti oso presente egon da nire bizitzan eta orain biak batzeko aukera izan dut gaztea irratian.


Isma, nola definituko zenuke Oizeder?
Oizeder gure proiektuaren oreka da. Nire ideia ero eta bihurriak jarraitzeko prest dago eta zentzuz jokatu behar denean, mugak jartzen dituena.


Oizeder, nola definituko zenuke Isma?
Inprobisazioz beteriko eta beharrezko energia duen pertsona, gure proiektuaren zutabe garrantzitsua da.