“Kanpaikadak ematea, egin dudan gauzarik politenetariko bat da ­­”

Egoitz Txurruka Gallok (Mallabia, 1991), Txurru ezizenez ezagunagoa, ETB2ko El Conquistador del fin del mundo saioan parte hartu zuenean egin zuen salto telebistara. Kirol eta irakaskuntza alorretan ibili izan da, eta aurrerago komunikabideen munduan murgildu zen. Kolaboratzaile gisa lehenengo eta gero irrati esatari lanean aritu zen Gaztean. Erreportaria ere izan da ETB2ko Nos echamos a la calle magazinean. Egun, kate bereko Esto no es normal lehiaketa aurkezten du Nerea Aliasekin batera.

Egun, telebistan lan egiten duzu Esto no es normal saioan, baina zure ikasketek ez dute telebistarekin zerikusi handirik; izan ere, kiroleko goi mailako zikloa eta magisteritza ikasi zenituen. Nolatan amaitu duzu telebista munduan?
Dena 2013. urtean hasi zen, hain zuzen ere, ekainean. El conquistador del Caribeko castingera joan nintzelako. Momentu horretan Magisteritza ikasten nengoen Gasteizen; lehenengo urteko ikasgai guztiak gainditzeko ikasgai bat baino ez zitzaidan falta, matematika, zehatz esanda. Errekuperazio azterketaren egun berean El Conquiseko castinga zegoen Gasteizen bertan; hortaz, pen­tsatu nuen: “Azterketa ondo egiten badut, castingera aurkeztuko naiz”, eta horrela izan zen.


Esan daiteke telebistan nahiko gazte murgildu zinela; izan ere, EITBko El conquistador del fin del mundo eta Gu ta gutarrak sailetan parte hartu zenuen 22-23 urte zenituela. Bietan, helburua konkistatzea zen, baina oso konkista desberdinak. Nolako esperientziak izan ziren?
Bi saioak oso desberdinak dira; gainera, kontuan izan behar dugu orain dela 10 urteko realitya dela (Gu ta gutarrak). Denbora asko igaro da, bai telebistarako, bai eta niretzat ere. Duda barik, arlo profesionalean eta pertsonalean asko aldatu naiz; hala ere, bizitza horrelakoa da, zikloak egoten dira, eta aldaketak, jakina. Dena dela, hori da bizitzaren gakoa; bestela, ze bizitza aspergarria, ez? Bi saioetan egotea oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen. Bietako batean parte hartzea gomendatzen dut, bertan bizipen asko bizitzen dituzulako eta asko ikasten duzulako.

Azaldu bezala, Esto no es normal saioan ikus zaitzakegu arratsaldero ETB2n; bertan, oso eroso ikusten zaizu. Nolakoa da Nerea Aliasekin lan egitea?
Esto no es normal saioa aurkezteko aukera eman zidatenean, duda barik baietz esan nuen. Saio oso dibertigarri eta entretenigarria dela uste dut, eta erronka gisa ikusi nuen. Aurretik, Nerearekin harreman ona nuen, baina, ez saio bat aurkezteko modukoa, baina argi dago hasieratik bien artean konexio edo filling modukoa sortu zela, eta oso erraza da berarekin lan egitea, baita ikusten ez den lantalde guztiarekin ere. Benetan laguna dela esan dezaket.


Telebistan hainbat eta hainbat elkarrizketa egin dituzu; zure lehenengo elkarrizketa gogoratzen duzu? Nolakoa izan zen?
Lehenengo elkarrizketa imajinatzen dut aldizkari baten izan zela, ez dut oso ondo gogorarazten. Baina bai gogoratzen dut ilusio handia egin zidala, famatu sentitu nintzen, kar-kar-kar.

Eta elkarrizketarik bereziena zein izan da?
Elkarrizketa bereziena beti esaten dut etorriko dena izango dela; dagoeneko asko egin ditut, batez ere, irratian nengoenean. Baina elkarrizketa politena eta berriena beti etortzeko dagoena da.

Elkarrizketatua edo elkarrizketatzailea izatea nahiago duzu?
Alde batean eta bestean ibili naiz; 7 urtez elkarrizketak egiten ibili eta gero, elkarrizketatua izaten ere beste hainbeste. Hala ere, bi aldeetan eroso eta gustura sentitzen naiz. Dena dela, momentu honetan dudan lana kontuan izanda, esan daiteke elkarrizketatua izatea dela.

Telebistaz gain, irratian ere lanean aritu zara, hain zuzen ere, Gaztea Irratian. Zer ikasi zenuen bertako egonaldian?
Gaztea irratian 7 urtez ibili naiz; hortaz, bertan pila bat ikasi nuen. Pertsona asko ezagutzen dituzu; arlo profesionalean eta pertsonalean gogoan dut asko ikasi nuela, eta bertan ere esperientzia asko bizi izan nituen. Izan ere, azkenean 7 urtez Euskal Herriko punta-puntako kultura, musika, kirol arloko gazte eta ez hain gazte jendeari elkarrizketak egiten eskarmentua neureganatu nuen. Eta ikasitakoa egun erabiltzen dut telebistarako, hau da, sinergiak batzen ditut, telebistak eman didana irratian islatzen nuen, eta alderantziz.

2022 urtean kanpaien emanaldia egin zenuen. Telebistan lan egiten duten askorentzat emanaldi hori telebistaren gorena da. Zelako esperientzia izan zen? Urte hasiera desberdina izango zen, ez?
Egia esan, zoragarria izan zen. Gogoratzen dut justu orain dela urtebete deitu zidatela Lanzaroten oporretan nengoela. Galdetu zidaten ea abenduaren 31rako planik nuen, eta orduan hasi zen proposamena. Egia esan, duda gutxi izan nituen. Ane Ibarzalekin eta Afrika Baetarekin zuzeneko hori egin ahal izatea benetan berezia izan zen, azkenean urteko gaurik garrantzitsuena da; hortaz, nire­tzat oparia izan zen. Duda barik, bizitzan egin dudan gauzarik politenetariko bat da.


Profesionalki ametsen bat betetzea geratzen zaizu edo dagoeneko denak bete dituzu?
Nik uste profesionalki onena etorkizunean daukaguna izango dela. Bizitzak ematen dituen bueltak, aldaketak, garaiak, sorpresak… politak dira. Gakoa da lan asko eta gustura egitea. Horrela, gainerakoa berez etorriko da.


Gomendio batzuk eskatuko dizugu. Abesti bat, liburu bat, telesail bat.
Abestia: ETS eta Xurneren kanta- Gu geu garena.
Liburua: Invencible- Marcos Vasquez
Telesaila: Black Mirror.