Sexualitatea: sexu lasaia

Etengabe dugun estresaren ondorioz, gero eta denbora gutxiago dugu geure buruari eskaintzeko eta ongizatea ekar diezaguketen gauzak egiteko. Sexu lasaia aukera ona da errutinak eta presak alde batera uzteko, gorputza eta burua erlaxatuz eta gure bikotekideekin intimitate une bat partekatzen lagunduz.

Diversual jostailu eta produktu erotikoen enpresak duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, euskaldunok sexu gutxi praktikatzen dugu, eta Espainiako Estatuko erkidegoen azkenen artean gaude, euskal herritarrek hilean izaten dituzten sexu-harremanen batez bestekoa 7,70koa baita. Eguneroko ardurak, aisialdiko denbora gutxiago, estresa edota lanordu luzeengatiko nekeak, besteak beste, dira kopuru txiki horren errudunak. Eta sexu-harremanen kopuruak ez ezik, iraupenak ere behera egin du.
Beraz, datu horien arabera, bikoteek ez dute denborarik sexu-harreman lasai eta osasuntsuak izateko, eta hori, adituen ustez, kezkagarria da, eta, gainera, osasunerako kaltegarria izan daiteke. Izan ere, hainbat azterlanek adierazten dituzte sexua praktikatzearen onurak eta estresatuta egiteak dituen kalteak. Sexu-harremanetako estresak eragin negatiboa izan dezake maila fisikoan, psikologikoan eta fisiologikoan.
Maila fisikoan, buruko mina, neke orokorra eta giharretako tentsioa eragin ditzake, eta, horrez gain, erekzio-gutxiegitasuna, baginako jariakinik eza edo eiakulazio goiztiarra eragin.