La Graciosa, Kanariar uharteetako zortzigarren miraria

La Graciosa Kanariar Uharteetako zortzigarren uhartea da, eta txikiena. Kanarietako gainerakoek bezala, uharte honek klima aparta du urtean zehar, eta, beraz, azaroa ezin hobea da Euskadiko hotzetik ihes egiteko eta Chinijo artxipelagoko Parke Naturalaren parte den paradisu horretaz gozatzeko. Gainera, Kanarietan dauden hiru itsas erreserbetako bat da. Uharte hau bisitatzea erlaxa­tzea, atseden har­tzea, eguzkia har­tzea eta bertako ur kristalinoetan bainatzea da, baina, batez ere, ingurune natural babestu honekin erabateko lotura esperimentatzea da. La Graciosa uhartea asfaltatu gabeko kaleak dituen Europako toki bakanetako bat da, eta, bertan, oinez edo bizikletaz ibiltzea baino ez dago baimenduta, bertako biodibertsitatea babestearren. Uhartean, planeta osoan bakarrak diren zenbait espezie daude. Zalantzarik gabe, bertako hondartzarik ikusgarrienetako bat La Francesa da.

Uhartearen hegoaldean dago, eta ezaguna da harea zurizko ertz zabalagatik eta ur garden eta turkesagatik, paradisu bihurtzen baitute snorkela praktikatzen dutenentzat. Baina, batez ere, Riscos de Famarako bista ikusgarriengatik nabarmentzen da, gailurrean Mirador del Río baitago. La Francesara oinez edo bizikletaz iristen da Caleta del Sebotik, uharteko bi gune populatuetako batetik. Handik, ordu erdiko bidean, Montaña Blanca sumendira iritsiko gara, Chinijo artxipelagoko lekurik esangura­tsuenetako batera. 172 metroko garaiera du, eta La Graciosako lau sumendi-multzoetako bat da

Haren maldaren ondoan, urre-koloreko hondarrezko kala txiki bat dago: Cocina hondartza.Lehorrean ez ezik, itsasoan ere badira dibertsiorako hainbat aukera, hala nola itsasontziz uharteko kostaldea zeharkatzeko eta hura beste ikuspegi batetik ezagutzeko txangoa. Ibilbidean zehar, La Graciosarekin batera Chinijo artxipelagoa osatzen duten uhartetxoak ikus daitezke: Montaña Clara, Alegranza, Roque del Este eta Roque del Oeste. Era berean, Europako itsas erreserbarik handienean murgil zaitezke. Uharteko hondo malkartsuek koba eta tunel ugari dituzte, biodibertsitaterako baldintza ezin hobeak izateaz gain. La Graciosan ikus daitezkeen espezie batzuk (medregalak, txi­txarroak, abadeak, morena beltzak eta otarrainak, besteak beste) Kanarietako endemikoak dira. Aire zabaleko jarduerez gain, uharteak Chinijo Museoa du, Caleta del Sebon, bertako kultura eta historia ezagutzeko. Gune horretan, florarekin, faunarekin eta gatzaren eta gatzagaren inguruko jarduerarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazioa aurkituko duzu.

Gastronomia
Produktu nagusia arrain freskoa da. Inguruko arrainen artean bokarta dago, kalitate bikaineko arrain zuria. Hori prestatzeko modurik tipikoenetako bat patata-hanburgesaren eta su motelean egositako batataren gainekoa da, mojo saltsarekin. Beste arrain bat txelba arrunta da (Bocinegro esaten diote bertan), parrillan errea. Txin­txortak baratxuriarekin, oreganoarekin eta palmondo piperbeltzarekin prestatzen dira, patata kanariarrekin eta mojoarekin lagunduta. Ahuntz-gazta errea, palmondo-eztiarekin, irlako beste jaki tipiko bat da, ogi txigortuaren gainean urtuta zerbitzatzen dena.