Donostian egin du lehen geldialdia “Euskaraz barra-barra”-ren ihes-gela ibiltariak, eta beso zabalik jaso du albistea hiriburuak. Euskaraz barra-barra egitasmoa sustatzeko eta gizartearen aktibazioari bultzada emateko helburuarekin, guztira 13 herritan egongo da ihes-gela. Hurrenez hurren: Donostia, Elizondo, Laudio, Bermeo, Elgoibar, Balmaseda, Errenteria, Gasteiz, Andoain, Zumarraga-Urretxu, Portugalete, Zornotza eta Mungia.
Urriaren 6an hasi eta urtearen amaierara arte astebururo geldialdi bat egingo du Hego Euskal Herrian. Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan, euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko sortu da Euskaraz barra-barra marka: Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik, Hiruko Itunaren barruan. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, euskararen lurralde osora zabalduko da egitasmoa hurrengo hilabeteetan. Hasieran eremu pribatuan jarriko da mar-txan, eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da.
Astebururo 20 saio
Guztira, beraz, 13 herritara joango da ihes-gela ibiltaria hilabete hauetan, eta geldialdi bakoitzean 3 egun emango ditu: ostiral arratsaldeetan (16:00etatik 21:00etara bitartean) eta larunbat zein igandeetan egun osoz (10:00etatik 21:00etara bitartean). Herri bakoitzeko 20 txanda egongo dira, eta saio bakoitzean gehienez 5 lagunek parte hartu ahal izango dute, espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko. 16 urtetik gorakoa den eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork, mugarik gabe, parte har dezake ihes-gelan.