Euskal gazteek ezagutzen al dute 2030eko agenda?

UNAI GANDARIAS //
Gazteen Euskal Behatokiak 2023ko lehen seihilekoa amaitu ondoren egindako inkestatik ondorioztatzen denez, NBEk ezarritako 17 Garapen JasangarrikoHelburuetatik, euskal gazteek lehentasunezkotzat jotzen dituzte Euskadin: 3. helburua, osasunarekin eta ongizatearekin lotua; 8. helburua, lan zintzoarekin eta hazkunde ekonomikoarekin lotua; eta 4. helburua, kalitatezko hezkuntza. Azterlan honetarako, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen lagin adierazgarri bat hartu zen.
Euskadiko gazteen % 48,7k du GJHen berri. Ezagutza espontaneo hori (hau da, jendeak, laguntzarik gabe, marka edo kanpaina baten izena zenbateraino gogora dezakeen jakitea) handiagoa da goi-mailako ikasketak dituztenen artean (% 57,3). Aitzitik, iradokitako ezagutza (hau da, irudi edo aipamen bat duen marka edo kanpaina baten izena publikoaren zein alderdik gogora dezakeen jakiteak) 10 gaztetik ia 8k dute (% 77,5). Iradokitako ezagutza handiagoa da 25 urtetik beherakoen eta goi-mailako ikasketak dituztenen artean. Azterlan horrek agerian utzi du, halaber, 2030 Agendari buruz hitz egiten entzun dutenek ingurumena zaintzearekin, jasangarritasunarekin eta klimaren aldeko ekintzarekin lotzen dutela nagusiki, eta, bigarrenik, desberdintasunak murriztearekin, genero-berdintasunarekin eta gizarte-justiziarekin.
Gazteek Eusko Jaurlaritza (% 53,0) eta elkarteak eta GKEak (% 34,1) aipatzen dituzte, galdetzen zaienean zein bi erakundek uste duten bultzatzen dutela gehien 2030 Agenda. Gazteen iritziz, hauek lirateke GJHak betetzeko gehien egin dezaketen gizarte-eragileak: gobernuak edo administrazio publikoak (% 84,1), herritarrak (% 60,7), eta, azkenik, enpresak (% 52,8). Indize horiei gehitu beharko litzaieke gazteek beste bi eragile garran­tzitsu ere aipatzen dituztela herritarren artean 2030 Agenda bultzatzeko orduan: komunikabideak (% 49,6) eta GKEak (% 17,1).Probintziei dagokienez, Bizkaiak du 2030 Agendan sartutako 17 GJHen gaineko ezagutza duten gazteen indize handiena (% 53); gero, Gipuzkoak (% 44,8), eta, azkenik, Araban (% 42,1) ezagutzen dituzte gutxien GJH horiek.