Buru-nahasteek gora egin dute EAEko gazteen artean

UNAI GANDARIAS //
Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela-eta, hau da, joan den urriaren 10ean, Mutua Madrileña eta Fad Juventud Fundazioak “IV. Gazte Barometroa 2023. Osasuna eta ongizatea” txostena argitaratu du. Txosten horretan ikus daitekeenez, 15 eta 29 urte bitarteko Espainiako Estatuko gazteen % 59,3k aitortzen du osasun mentalarekin lotutako gaitzen bat duela edo izan duela. Azken hamabi hilabeteetan arazo psikologikoak edo psikiatrikoak izan eta laguntza profesionala eskatu duten gazteen kopurua % 62,5era igo da aurten, eta 2021ean, berriz, % 51ra. Txosten horrek agerian uzten du, halaber, gazteek beren osasun mentaleko arazoak arin­tzeko laguntza profesionalera jo­tzen ez dutela esateko arrazoi nagusia gai ekonomikoa dela. Hori azterlan honen aldagai erabakigarrienetako bati dagokio, baliabide ekonomikorik ez izateak osasun mentaleko egoera okerragoa dakarrela adierazten baitu.
Goi-mailako ikasketetan
Alde horretatik, kontsulta bat ordaindu ezin dutela diotenen % 27,1ek adierazi du nahasmenduak dituela maiz edo etengabe, eta ehuneko hori % 13,1era jaisten da medikuarenera joan daitezkeenen artean. Azterlanak erakusten duen datu bitxi bat da goi-mailako ikasketak egiten dituzten gazteek depresio- eta an­tsietate-egoera handiagoari egin behar diotela aurre, ikasketa horiek egiten ez dituzten beste gazte batzuekin alderatuta. Baieztapen hori presio akademikoarekin edo finantzarioarekin lotuta egon daiteke, baita ikasle horiek aurre egin behar dieten emaitza akademiko altuak lortzearekin ere.
Emaitza horiek errebelazio handia ekarri dute, eta bereziki kezkagarriak dira osasun mentalaren azterketarekin zerikusia duten erakunde guztien artean; izan ere, normalena litzateke uniber­tsitate-hezkuntzako ikasleek osasun mental hobea izatea, oro har ingurune pribilegiatuagoetatik etortzen direlako, bai ekonomia- bai gizarte-arloari dagokienez. Bestalde, ikerketan parte hartu zuten gazteen % 23,8k adierazi zuen noizbait ideia suizidak izan zituela. Gazteen % 11,3k noizbehinka pentsatzen du bere buruaz beste egiteaz, eta % 13,8k, etengabe.
Euskadiko egoera
Pandemiak izugarri areagotu ditu herritarren osasun mentaleko arazoak; batez ere isolamendu sozialak faktura izugarria die gazteei. Euskadin, 18 urtetik beherako 320.000 adingabe inguru daude, eta EAEko 45.000 adingabek dute buruko edo jokabideko arazoren bat. Bai mutilek bai neskek osasun mentaleko arazoak izan ditzakete, baina gaixotasun batzuk gehiago diagnostikatzen dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino, eta alderantziz. Kultura-hezkuntzari dagokionez, mutilek inpultsibotasunera jotzen dute, eta neskek, autokontrolera. Hori dela eta, jokabide-nahasmenduak ohikoagoak dira mutilengan, eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak, berriz, emakumezkoengan. Fenomeno horri aurre egiteko, duela bi urtetik Haur eta Nerabeen Psikiatria espezialitatea dago, eta 2023tik lehen BAMEak sartu dira. Estatu osoan gaitutako 20 plazetatik bat Basurtuko ospitalean dago.
Salud Mental Euskadi
EAEko gizartean gaixotasun mentalaren estigma soziala desagerrarazteko borrokan ari den federazioak ohartarazi du erakunde horrek artatutako kasuen kopuruak gora egin duela azken urteetan, eta erakundeei eskatu die EAEko nerabe eta gazteen osasun mentala eta buru-nahasmenduen prebentzioa sustatzeko beharra. Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Avifes (Bizkaia) eta Asasam (Aiaraldea) elkarteak biltzen ditu erakunde horrek, eta ohartarazi behar da gero eta gazte gehiago artatzen dituztela elkarteotan. Elkarte horrek prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, eta euskal organo eskudun guztiek biztanleria-eremu horretara bideratutako laguntza-baliabideak indartzeko beharra nabarmendu du. Euskadiko federazioak hezkuntza-unitate terapeutikoen plazak gehitzeko eta gazte horien benetako hezkuntza inklusiborako beharrezko laguntzak izateko beharra ere eskatu du.