Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade taldeak dira 2023ko Gaztea Maketa Lehiaketako finalistak. Publikoak aukeratu zuen lehen finalista, Enbata Lorade taldea, eta Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak hautatu ditu beste hirurak.
Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga mungiarrak dira Itzek taldeko hiru kideak, eta abesti bakarra publikatu dute oraingoz: Nartziso. Ekain eta Amaiur altsasuarrek osatzen dute Ganibet bikotea eta elektronika lantzen dute. Zilibito Records sei lagunek osatutako kolektibo oiartzuarra da, eta trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte. Ekainean publikatu zuten Hastapenak lehen diskoa. Azkenik, Enbata Lorade Bakioko banda izan da aurtengo Maketa Lehiaketaren bozketa faseko garailea, botoen % 23 eskuratuta. Marea, Zuzen eta Egurre maketak aurkeztu dituzte.
Azaroaren 16an izango da finala, Bilboko BBK aretoan. Lau finalistek joko dute bertan. Talde irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du. Enbata Loradek eramango duen GAZ Sariaz gain (2.500 euro), finalistetako batek Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat irabazteko aukera izango du, Harrobia sariari esker.