Kaleka jaialdirako ikuskizun proposamenik baduzu?

Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak 2024an ospatuko den 34. ediziorako ikuskizun proposamenak aurkezteko epea ireki du abenduaren 10era bitarte, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, alde batetik, Sail Ofiziala artistek, kolektiboek, elkarte profesionalek eta abarrek osatzen dute, baldin eta espazio publikoa edo izaera bereziko espazioak erabiltzen badituzte gaurkotasuneko sorkuntza-lanak aurkezteko. Bestalde, Kaleka Scratch sailak plataforma bat eskainiko du garapen egoeran dauden proiektuak esperimentatu eta probatu nahi duten artista, kolektibo, elkarte profesional edota edozein autoretza motarentzako.

Beraz, aesan bezala, abenduaren 10era bitarte aurkeztu ahalko dira proposamenak bi deialdietan, kaleka.eus atarian dagoen formularioa betez. Aurkeztu zure lana, eman izena eta parte hartu Kalekaren 34. edizioan. Kalekak hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea darama, beraz, ekimenak ondo bota ditu sustraiak. Ildo horretan, antolatzaileek gogorarazi dute azken urteetan parte hartzea gero eta handiagoa izan dela, urtero 400 proposamenetik gora jasoz.

Kaleka ospatzen den egunetan, udalerria jendez gainezka egoten da, kaleetan giro ezin hobea inposatuz. Aurtengo edizioan esaterako, uztailean ospatu zena, 20.000 ikusle baino gehiago bildu ziren asteburu horretan herriko plaza, parke eta portuan izan ziren hamaika emanaldietan. Beraz, jarraitzaile mordoa kaleko arteaz disfrutatzeko. Oraindik garaiz zabiltza, beraz, proposamenen bat luzatzeko; ez loak hartu eta animatu!