Ikastolen jaien ‘Tanta’ elkartasun txartelen bosgarren ekitaldia abian da

Ikastolen jaien aldeko ‘Tanta’ elkartasun txartelen bosgarren ekitaldia jarri du martxan Ikastolen Elkarteak. Ikastolei eta haien proiektuei babesa emateko txartelak eskuratuta, 60.000 euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratzen da.

Ikastolen Elkartetik jakinarazi dutenez, 2024ko ekainaren 21ean egingo da zozketa, notario aurrean, eta bi zenbaki aterako dira, irabazlea eta ordezkoa, alegia. Zenbaki saridunaren jabeak hilabeteko epea izango du saria eskatzeko, eta agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabearentzat izango litzateke saria.

‘Tanta’ txartelaren bosgarren ekitaldirako hautatutako gaia Eskolarteko Bertsolari Txapelketa da. 1980eko hamarkadaren hasieran ekin zion Ikastolen Elkarteak bertsolaritza ikastoletan lantzeari, eta, lanketarekin batera, Eskolarteko Txapelketa antolatzeari ere.

«Euskal kulturaren oinarrizko erreferente bihurtu da Eskolartekoa, asko eta asko baitira lehen pausoak bertsoak kantatuz eman dituzten euskal sortzaileak, gerora bertsotara zein beste edozein sormen jardueratara bideratu dutenak euren ibilbidea. Fruitu emaile oparoa da Jon Lopategi eta Mikel Mendizabalen eskutik abiatu genuena, Euskal Herri osora hedatu den proiektua», nabarmendu dute.

Euskal Herri osoan daude ikastolak, herrietan txertatuak, 111 ikastolatan; 4.500 irakaslek, 500 langile ez irakaslek, 57.322 ikaslek eta parte hartze zuzena duten haien gurasoek -gehienak kooperatibista dira eta- osatzen dute ikastolen komunitatea. Eskaintza integrala dute; 0 urtetik hasita, Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino.