Haria elkarteak Argia Ereiten Euskara saria eskuratu du

Haria Getxoko eta inguruko gaztetxoei aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen dien elkarteak jasoko du aurten Udalak antolatutako Argia Ereiten XIV. Euskara Saria. Taldea sortu zenetik, begiraleak era boluntarioan aritu dira lanean jarduerak antolatzen, tartean udaleku ibiltariak, txangoak eta naturara eta kultur ondarera hurbiltzeko ekimenak. Ibon Garagarza getxotarraren eskultura den saria jasoko dute gazteek datorren azaroaren 7an, 20.00etatik aurrera, Muxikebarrin izango den ekitaldian.

Haria taldea 2019an sortu zen, Bapiruke udalekuetako begirale batzuek konturatu zirenean ekimen horretan adinagatik parte hartu ezin zuten gaztetxoek inguruan ez zutela euren aisialdirako antzeko eskaintzarik. «Bueltak eman ondoren, sei bat monitore hasi ginen pentsatzen 12 eta 18 urte artekoentzat euskaraz jarduerak egiteko hutsunea zegoela, eta lanean hasi ginen zerbait eskaintzeko, horretarako Haria taldea abian jarriz», azaldu du Garazi Arangurenek, ekimenean hasieratik dagoen begiraleak. Taldeak hainbat balio sustatzea ere du helburu, hala nola, mendizaletasuna, natura zaintzea, euskal ondarea, kultur artekotasuna eta ingurua ezagutzea, auzolana, eta euskal gazteak harremanetan jartzea giro jatorrean.

Horretarako, udaleku ibiltariak, eta urtean zehar txangoak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, herriko bizitzan parte hartzera animatzeaz gain, biharko belaunaldi kritiko eta zentzudunak eraikitze aldera. Taldearen izenak adierazten duenez, nerabe eta euskararen arteko haria mantentzen lagundu nahi dute.

Haria taldeko sustatzaile eta parte-hartzaile guztiak pozik daude jasotako sariarekin, beraiek egiten duten lana eta duten konpromisoa aitortzea delako.

Iturria: El correo