2024ko Nafarroa Oinezek badu leloa eta logoa

2024ko Nafarroa Oinez Zangozako Ikastolak antolatuko du eta makineria lanean hasi da. Lehen zertzeladak dagoeneko eman dituzte. Horrela, badugu leloa: ‘Piztu!’, Ikastolako euskarazko irakaslea den Ruben Pisano izan da horren asmatzailea eta aditzaren adiera ezberdinekin ‘jolasten’ du.

«Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, ikastetxe baten helburu nagusia ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da eta, aldi berean, gure hizkuntzari bultzada ematen jarraitu behar dugu, horregatik euskara sustatu behar dugu. Piztu (suspertu) auzolana, ikastolen mugimendua ez da ulertzen auzolanaren presentziarik gabe, gero eta gehiago kostatzen den jarduera suspertu behar dugu. Piztu (sortu) baliabideak, ikastolak finantzazio egokia bilatu behar du proiektuaren bideragarritasuna gauzatu ahal izateko eta existitzen jarraitu ahal izateko behar beste baliabide sortu behar dira. Bukatzeko, piztu energia berriztagarrien etengailua! Piztu energia garbien etengailua! Piztu irudimena energia aurrezteko!», azaltzen dute.

Behin leloa erabakita eta azalduta, logoa ere prest. «Hasiera batean suaren ideiarekin lan egiten hasi ginen baina horrek sustsitzaile izan daitekenez, Piztu! argiarekin erlazionatu zen. Bide horretatik abiatuta, eguzkia eta eguzki-izpien ideiekin lan egiten hasi zen. Asier Santa Cruzek, Zangozako ikastolako aitak, hasierako logoa aurkeztu zuen. Azkenean, eguzki-izpiei kolorea emateko eta Nafarroa Oinez 2024ko helburuekin bat egiteko, bost kolore erabili dira, bakoitza helburu bat ordezkatuz. Asier Santa Cruz, Zangozako Ikastolako aita, logoaren sortzailea izan da», laburbiltzen dute.