Lehenengo eta bigarren edizioaren ondoren, dagoeneko badakigu hirugarren edizio bat ere izango dugula. Metal eta rocka gustuko dituzu? Adi egon, izan ere Koba Live Abadiñoren hurrengo parada abian da. Abadiñoko Udalak eta Sugaar Musika Elkarteak antolatutako metal eta rock jaialdiak baditu egunak. Gainera, gorantzako joera hartu du eta bi egunez luzatuko da. Hori bai, pazientzia izan beharko dute zaleek. Traña-Matienan ospatuko den jaialdia datorren urteko ekainaren 21ean, ostirala, eta 22an, larunbata, izango da. Ondo apuntatu duzu?
Beraz, lanari aurre egitea baino ez da gelditzen. «Orain dena ondo atera dadin eta jendeak goza dezan lan egitea dagokigu. Sugaar Musika Elkartea aspalditik ari da musikaren arloan lanean, hirugarren edizio honetan kartel bikaina eskaintzeko. Bi kontzertu-egun izateaz aparte, berrikuntza ugari ere ekarriko ditu. Horien berri ematen joango gara», azaldu du Monika Iglesias Kultura zinegotziak.
«Edizio bakoitzean erronka berriak proposatu eta geure gain hartu ditugu, eta bi eguneko jaialdia egin ahal izatea garrantzitsua iruditzen zitzaigun Abadiñon hitzordu hau sendotzen eta handitzen jarraitzeko», adierazi du Sergio Correa Sugaar Musika Elkarteko arduradunak.
Abadiñok joan den ekainean hartu zuen KOBA LIVE Abadiñoren bigarren edizioa. Ekitaldiak 2.500 lagun inguru bildu zituen, 2022an izandako jende kopuruaren bikoitza, Blackhearth, Sweet Rage, Mosh, el Altar del Holocausto, Primal Fear eta Angelus Apatrida taldeen zuzenekoaz gozatzeko. Apur bat itxaron beharko da datorren urteko kartela ezagutzeko.