Loraldiak sormen digitalerako bigarren deialdia zabaldu du

Loraldia Festibala euskaraz sortzen diren kultur adierazpen anitzen plaza izan da beti. Are gehiago, agente dinamizatzailea bilakatu da urteetako ibilbidearen ondoren. Oraingo honetan, sormen digitalaren bekaren bigarren deialdia proposatzera dator. Proposamenak azaroaren 20ra arte bidal daitezke. 10.000 euroko saria jokoan dago.

Aurreko urtean bezala, kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, interneteko baliabideak, audioa… Gainera, aurkez daitekeen proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke.

Proiektu berri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada ere, aukera dago esparru analogiko eta fisikoan ere emanaldi batean gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke. Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura. Oinarri xehekatuak hemen.

Deialdi honen xedeak bi dira: batetik, euskarazko sorkuntza digitala sustatzea, eta, bestetik, sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea. Iaz, lehenengo edizioan, 16 proiektu aurkeztu ziren deialdira. EHUko irakasle talde batek sortutako ‘Gorputza atzean utzi’ egitasmoak irabazi zuen eta 2024ko martxoan gauzatuko da. Aurtengo garailearen izena abenduaren 20an iragarriko du Loraldiak eta datorren urtean zehar proiektua gauzatzeko epea izango du.