Gure produktua ezagutaraztea eta merkatu berrietara iristea beti da garrantzitsua. Eta helburu horrekin gidatuko du EITBk euskal ikus-entzunezko edukien presentzia MIPCOM 2023 azokan, astelehen honetan hasi eta ostegunera bitarte (urriaren 16tik 19ra). Basque.Audiovisual izenarekin, euskal stand partekatuak aukera paregabea emango du euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren kalitatea eta aniztasuna ezagutarazteko Cannesko Palais des Festivalsen egingo den koprodukzio eta entretenimendu edukien nazioarteko merkaturik handienean. Gainera, parte-hartzaileek mundu osoko profesionalekin harremanak eta aliantzak ezartzeko aukera izango dute.
Hartara, EITBk azokan erregistratzeko aukera eskaini dio euskal ikus-entzunezkoen sektore osoari, aterki standak dituen abantailez eta onurez balia dadin. Talde publikotik informatu dutenez, bide batez, kultura propioa eta euskara zaintzea helburu duen ikus-entzunezko talde publiko gisa duen posizionamendua indartzen du Europan; hain zuzen ere, hizkuntza gutxituak nagusi ez diren testuinguru batean. Bada, adierazi dute Primeran plataforma berria ere lehen aldiz aurkeztuko dela azoka honetan, egungo ekosistema digitalean, hizkuntza gutxitu baten erabilera bermatu nahi duen euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma baita.
Azokari buruz, esan behar da MIPCOM azokaren 39. edizioak 110 herrialdetako 12.000 ordezkari baino gehiago bilduko dituela, tartean 3000 erosle. Telebistako eta komunikabideetako profesionalen mundu mailako bilerarik handiena da, eta gainera, ikus-entzunezko industriaren nazioarteko egutegian aste honek izugarrizko garrantzia du. Izan ere, urtero, urrian, 100 herrialde baino gehiagoko ordezkari, erosle eta saltzaile biltzen ditu, izan ere, talentuaren eta alfonbra gorriaren munduko hiriburu bilakatzen da Cannes (Frantzia). «Bertan aurkezten dira azken ekoizpenak, sortzen dira negozio aukerak, eta ezartzen da datozen urteetarako ikus-entzunezko agenda», adierazi dute euskal ikus-entzunezko edukiak sustatzeko arduradunek.