Taldearen hasierak Kepa Junkerarekin izan ziren, izan ere, Sorginak taldearen kideak ziren. Baina, ondoren Neomak taldea sortu zuten. Bere bataioak greziarrez “ilargi berriak” esan nahi du. Izen bera du bere lehen disko luzeak, 22 minututan 7 abesti dituen, non modernitatea tradizioari gailentzen zaion.
Zazpi emakume osatzen duzue taldea, Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutiérrez, Maria Lasa, Amets Ormaetxea eta Garazi Otaegi, nola da zuen arteko harremana? Talde handia zarete, zaila da zazpi kideko talde bat antolatzea, kudeatzea edo mugiaraztea?
Gaztetxotatik elkar ezagutzen dugun zazpi lagun gara lehenengo, eta gero Neomak taldean kide. Agian horregatik lortzen dugu proiektu propio bat aurrera eramaterako orduan bidean aurkitzen diren oztopoak (gutxi ez direnak) gainditzen. Askotan esan ohi dugu asko garela, onerako eta txarrerako. Saiatzen gara asko izateak dakartzan alde onak aprobetxatzen, askotan gehienetan ez esateagatik, gauzak onak txarrak gainditzen dituzte eta.
Has gaitezen jatorriarekin, Sorginak, zer zor dio zuen aurreko taldeak Kepa Junkerari, eta nolakoa izan zen herri eta hiri askotan bira egiteko esperientzia, berarekin grabatu zenituzten bi diskoekin?
Trikitiaren eta panderoaren erabileraren ikuspegia zabaldu, molde berriak eraiki eta musika munduan esperimentatzeko beldurrik ez izatea zor dio Sorginak proiektuak Kepa Junkerari. Pertsonalki zein profesionalki hazi gintuen esperientziak eta betiko gurekin daramagu. Inoiz ahaztu ez ditugunak.
Neomak bide berri bat da zuen ibilbide musikalean, izen aldaketa bat baino askoz gehiago, eta atzean ere lagun geratu dira. Talde berri hau sortzen al da tradizionala gainditu nahian, eta bere esentziari eutsita ere, soinu-paisaia modernoagoetan, hala nola elektronikan, menturatu nahian? Zeintzuk dira zuen kantuak elikatzeko iturriak?
Ez gatoz musika tradizionala gainditzeko asmoz, ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen, izan ere, guretzat oso garrantzitsua da. Baina gaur egun teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerekin esperimentatu nahi dugu. Aukerak mugagabeak dira eta. 7 emakume gazte gara eta musika estilo desberdinetatik edaten dugu. Nolabait, guri entzutea gustatuko litzaiguken musika sortzea izan da barruak eskatu diguna.
Tradizioaren eta modernitatearen arteko bat-egitea ere nabari da zuen eszenaratzean. Zuen bideoklipetan oso irudi mardula ikusten da, ematen du ez duzuela ezer uzten ausaz. Zenbateraino da garrantzitsua estetika Neomak-en?
Musika dugu erdigunean. Hala ere, kantuak sortu genituenean ohartu ginen elkarri lotuak zeudela kantuak: gure aurrekoei errespetuz eskertzen hasi, tradizioak eskutik dakarren alde iluna kritikatu eta ixilarazi zituztenak kantatu (bereziki emakumeak pairatzen duen errepresioa) eta lortu nahi dugun mundu libreagoa aldarrikatu. Historio hori zuzenekoetara ekarri nahi izan dugu estetikaren bidez: tradizionalki gizonezkoarenak izan diren eta emakumeak jaztea debekatuak zituen mahoizko galtza klasikoak jazten ditugu baina gaur egungo gure modura.
“Ez da gure asmoa musika tradizionala gainditzea; esperimentatu nahi dugu”
Ziurrenik behin baino askotan Tanxugueiras taldearekin (Espainiako pandeireteira-taldea, jatorriz Galiziakoa) alderatu zaituzte. Erlazioa duzue beraiekin? Sorginak proiektuan zein Neomak proiektuan izan dugu eurekin oholtza konpartitzeko aukera. Beti da plazera bidean artista berriak ezagutu eta musikaz konektatzea. Eurek dioten bezela: “ez dago mugarik”.
Promozio orrian jartzen du jendeak dantza dezan bilatzen duzuela. Zer nolako ikusleak ikusiko zaituztete?
Proiektu hasi berria da oraindik eta bidea egiten ari gara. Momentuz, ikuslego anitzera iritsi izanaren zortea dugu: adin guztietako pertsonak, gazteak, helduak, umeak…zein musika zaletasun ezberdinak dituzten pertsonak. Guztiak dira ongi etorriak.
Haritz Harreguyrekin grabatu duzue, zuena ez bezalako taldeak ekoitzi dituena, hala nola Soziedad Alkoholika, Berri Txarrak edo Barricada. Berari, rockari lotuta dagoenari, kosta egin zitzaion tradizioaren eta elektronikaren arteko zuen bat-egite hori ulertzea?
Haritz Harreguy esperientzia handia duen pertsona langilea izateaz gain, musika zalea da. Pazientzia handiz entzun eta proiektua mimo handiz lantzen daki, berea bailitzan. Ez da deskubritu munduan Haritzi kostako zaion musika estilorik jajajajajajaja.
Zeri abesten diozue?
Bizitzari, egunerokoari.