Alienista
Garaiko telesaila da, misteriozko thriller iparramerikarra, eta gaur egun bi denboraldi ditu.
New Yorken, XIX. mendearen amaieran, ume prostituten hilketa batzuek arriskuan jarri dute hiri osoa, ez bakarrik heriotza horiengatik, baita hilketa bakoitzaren lazgarritasunagatik ere, hiltzaileak biktimari begiak atera eta genitalak mozten baitizkio.
Krimen zital horiek ikertzeko, profesional talde handi bat batuko da, eta, horien artean, honako hauek nabarmenduko dira: Sara Howard (Dakota Fanning), New Yorkeko Polizia Departamentuko idazkari gisa lanean aritu den lehen emakumea. Bere sexua dela-eta, bere lankideek iseka eta jarrera matxistak izango dituzte; krimenetan espezializatutako John Moore (Luke Evans) kazetaria, The New York Times egunkarian lan egiten duena, eta krimen horiek bere artikuluetan ezagutarazteaz arduratuko dena, eta Laszlo Kreizler (Daniel Brühl) alienista eta psikologoa, nahasmendu psikikoak dituzten pazienteekin lan egiten duen esperientzia dela-eta. Serieko krimen horiek ikertzeko, Isaacson anaiak: Lucius eta Marcus, ere batuko dira.
Telesailak, hilketa eta bahiketa kasu makabroekin ikuslea tentsioan mantentzeaz gain, XIX. mende amaierako New Yorken erretratu bat marraztea lortzen du: hiri ilun eta bortitza. Gainera, aldarrikapen feministak azpimarratzen ditu (sufragio unibertsala, esaterako), eta garaiko gizarteko xenofobiaren eta arrazakeriaren berri ematen du.
Saila bikain girotuta dago, eta gizarte lizun batera eramaten du ikuslea: poliziaren ustelkeria, gustu zikinak dituen goi klasea, eta munduan ezer ez duten haurrak.

Gogoratzen al duzu?
Pacific Blue
Pacific Blue 5 denboraldi (1996-2000) eta 101 kapitulu izan zituen polizia-telesaila izan zen. Telesailak Santa Monicako Polizia Saileko ofizialen bizitza pertsonal eta profesionala kontatzen zuen. Polizia horien ezaugarri nagusia da Kaliforniako herri horretako hondartzetan borrokatzen zutela, bizikletetan igota. Taldeak, krimenari eta delinkuentziari aurre egiteko, hondartzak zaintzen zituen bi gurpilen gainean; T.C. Callaway tenienteak (Jim Davidson), Anthony Palermo ofizialak (Rick Rossovich), unitateko arduraduna zena, Cory McNamara sarjentuak (Paula Trickey) eta Chris Kelly agenteak (Darlene Vogel) osatzen zuten taldea. Telesailak protagonisten arteko harremanen gaia ere jorratzen zuen. Profesionalen artean lehia handia zegoen, bai eta taldeko hainbat kideren arteko maitasun-harremanak ere, elkarrekin ordu asko ematen baitzituzten lanean.
