Euskarazko ikus-entzunezkoen produkziok bultzatzeko dirulaguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hasiera batean 2,43 milioi euroko zuzkidura zuen deialdiari 800.000 euro gehituko zaizkio. Gehikuntza ikus-entzunezko proiektuak ekoiztera osorik bideratuko da, hurrengo egunetan Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin sinatuko den hitzarmenari eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuari esker. Horrela, ikus-entzunezko produkziorako deialdiaren guztizko zenbatekoa 3.230.000 eurokoa izango da.
Kopuru hori honela banatuko da. Film luzeen produkziorako laguntzak: 2.970.000 euro bideratuko dira honako proiektu motak finantzatzera. Horren barruan sar-tzen dira Zinemarako fikziozko film luzeak (1.560.000 euroko aurrekontua), Aurrekontu txikiko zinemarako fikziozko film luzeak (250.000 eurorekin diruz lagunduko dira 300.000 eurotik beherako aurrekontua duten eta jatorrizko bertsioa euskaraz duten fikziozko film luzeak), Zinemarako animaziozko film luzeak (dirulaguntza kopurua 700.000 eurokoa da) eta Sortze dokumentaleko film luzeak (guztira 460.000 euro bideratuko dira).
Bestetik, film laburrak ekoizteko laguntzak ere emango dira: edozein euskarritan eginda eta zinemarako diren film laburrak, 60 minututik beherakoak. Horretarako, Sailak 260.000 euroko aurrekontua bideratuko du.