2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa: Ekitatea proiektua

Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekin­tza-plana da, eta bake uniber­tsala eta justiziarako sarbidea indar­tzeko asmoa du. Agenda honek Garapen Jasangarriko 17 Helburu (GJH) planteatzen ditu, 169 helburu integratu eta zatiezinekin, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren eremuak barne hartzen dituztenak. Agendak konpromiso komun eta unibertsala eskatzen du, non estatuek erabateko subiranotasuna duten beren aberastasunaren, baliabideen eta jarduera ekonomikoaren gainean, eta bakoitzak bere helburu nazionalak finkatuko ditu, Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) atxikiz.

Agenda Euskadi Basque Country 2030

2030 Agendari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024 Lehen Agendak, Euskadi Basque Country 2030 izenekoak, 2030 Agendaren 17 helburuak eta 169 jomugak Gobernu Programaren 93 konpromisoetara lotu zituen. 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren barruan 7 proiektu enblematiko daude. Konpromiso horien artean dago Ekitatea proiektua, honako gai hauei buruzkoa: pobrezia eta gosea desagerraraztea, desberdintasunak murriztea eta bazterkeria prebenitzea.

Desberdintasunaren aurrean zentzu-unitate bera duten zazpi programek osa­tzen dute proiektua. Ohiko laguntzak uztartzen ditu, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Lagun­tzak, eta aurrekontu handiagoa ematen die, premia larriko egoerei aurre egiteko ezohiko programekin batera.


Jarraian aipatzen diren zazpi programa horien bidez, honako helburu hauek lortu nahi dira: herritar guztien pobreziaren eta bazterkeriaren aurrean aukera-berdintasuna lortzeko aukerak handitzea, oinarrizko elikadura-, etxebizitza- edo familia-mantenuaren beharrizanetarako laguntza ematea, eta herritarren hezkuntza-, prestakuntza- edo gizarteratze- eta laneratze-prozesuen garapena indartzea.
Ekitatea proiektua legegin­tzaldi osorako da, eta programen emaitzen urteko balantzea egiten du, baita azken ebaluazioa ere, 2024an.