“Euskarazko kalitatezko sorkuntza gutxi dagoela uste dut­­”

Nahia Sillero (21) aktorea da. 2021ean Dan Tzertin amaitu zituen Arte Dramatikoko ikasketak, eta gaur egun Donostian bizi da. Bere prestakuntza an­tzerkira bideratuta dagoen arren, telebistan lan egiteko aukera izan du, ETB1eko serie batean. Une honetan, antzerkiaren munduan, Kultura Eskolaren programaren parte da, eta dramaturgia eta aktore gisa lan egiten du hainbat antzezlanetan.

Aktore eta idazle gisa deskribatzen duzu zeure burua. Bietako batekin geratu beharko bazenu, zein izango litzateke? Zergatik?
Uste dut aktore ofizioa aukeratuko nukeela, batez ere sortzaile gisa idatz nezakeelako. Egia da gaur egun idazle lanetan erosoago sentitzen naizela, baina bietan lan egitea aukera bikaina iruditzen zait.


Noiz izan zenuen argi aktorea izan nahi zenuela?
Txikitatik. Beti kontatzen dut 12 urterekin amari esan niola “nik hau ikasi nahi dut”, eta amak antzerki-unibertsitateko paperak atera zizkidan eta logelako mahaian izan ditut beti. Antzerkia 8 urterekin hasi nuen eta ordutik hemen nago, oso pozik gainera!


Behin eta berriz entzuten ari gara gaur egun, aktore bat kontratatu aurretik, kontuan hartzen direla haren profila eta jarraitzaile kopurua sare sozialetan. Horrelako zerbait bizi izan duzu? Zer deritzozu fenomeno horri?
Ba niri ez zait horrelakorik gertatu, baina gertutik bizi izan dut. Noski konsziente naizela duten garrantziaz eta nire sareak ahal dudan gehien zainzten saiatzen naiz. Ikusi daiteke lan kontuak direla nire publikazio gehienak, gauza pertsonalak lagunentzako uzten ditut. Baina beste gauza bat da paper bat emateko garaian jarraitzaile kopuruari arreta jartzea -audien­tzia lortzeko edo-, hau pena ematen dit eta errespetu falta bat dela uste dut, batez ere formakuntzan urteak pasa dituzten sortzaileenganakoa.

Zein da aktore gisa lortu nahiko zenukeen ametsa? Noraino iristea gustatuko li­tzaizuke?
Lagunekin sortzeko leku bat irekitzea, hainbat konpainia, tailer eta egoitza egin ahal izateko. Azken batean, norberaren piezak erakusteko gune bat izatea.


Eta idazle bezala?
Bada, hau ez dut asko pentsatu, baina erantzuna inprobisatu beharko banu, esango nuke horrelako lan baten testua idatzi eta beste norbaitek eszenaratzea dela. Zinemarako gidoiak idaztea ere gustatuko litzaidake, baina beste kode bat da, eta oraingoz ez dut horretarako prestakun­tzarik.


Irabazi arte! saioari esker ezagunagoa egin zara. Zer ikasi duzu telesail honetatik, bai pertsonalki bai profesionalki?
Irabazi Arten lan egitea eskola bat izan da eta izaten ari da niretzat. Udan 40 egunetan zehar, egunero 11 ordu inguru lanean egotea – telebistak duen presarekin –, esango nuke ia uniber­tsitateak baino gehiago irakatsi didala, edo gutxienez parean. Profesionalki, uste dut asko balio izan didala kameraren “teknika” edo lan egiteko modua barneratzeko. Eta nire tresnak eta hutsuneak zeintzuk diren per­tsonalki ikusteko, oso begi bistan geratzen da zer ematen duzun aktore gisa berriz grabatzeko denbora agortzen denean… Era berean, asko kostatu zitzaidan ulertzea proiektuaren inurri bat nintzela, besteentzako langilea naizela eta ez dela nire lagunekin antzerkian dugun proiektu bat.

Irabazi arte! telesailean futbola oinarrizko gaia da, zelan moldatzen zara mundu horretan? Futbola gustatzen zaizu?
Tamalez, gaizki. Futbolarekin izan dudan harremana oso txikia izan da beti. Oso teoria gutxi dakit, eta praktikan, bi urte hauetan ikasi ditudan hiru paseak besterik ez. Baina jokatzen ikusita hasi naiz futbolaz gozatzen, partidetara gonbidatzen gaituztenean oso ondo pasatzen dut – inoiz ez nuen pentsatuko hau esango nuenik, baina hala da, kar, kar –.


Gaur egun antzerkian egiten duzu lan. Oso desberdina al da telesail batean lan egitea antzerkian baino? Zein nahiago duzu?
Antzerkirako gauzak idazten ditut eta institutuentzako obra batekin nago, bai. Eta oso desberdina dela esango nuke, niretzat behintzat. Alde nagusia erritmoak eta presak dira, eta, jakina, inplikazio pertsonala. Lehen esan dudan bezala, nik erabateko inplikazioa dut telebistan, baina ikuspegi profesional batetik, eta antzerkian gauzak mundu pertsonalera hurbiltzen dira. Nire bizipenetatik sortzen dut, eta horrek lan asko ematen dit, nekagarriagoa da, baina atseginagoa. Nire bizi­tzako momentuaren arabera, bat edo beste nahiago dut, orain oso pozik nago telebistan, eta urte batzuetan bide hori jarraitu nahiko nuke.


­Gaur egungo gazteen artean oso ohikoa da telesailak ikustea eta teknologiarekin harremanetan egotea, baina euskarazko ikus-entzunezko produktu gutxi kontsumi­tzen dituzte. Zergatik?
Crossover telesailean, Gaizka Izagirre eta María Redondorekin mahai inguru batean komentatu genuen hau. Alde batetik euskarazko kalitatezko sorkuntza gutxi dagoela esango nuke. An­tzerkian euskarazko lan gehiago ikusi ditut kameren aurrean baino, eta honek pozten nau, asko gozatu dut El cierre del amor edo Album (Formol Konpainia) bezalako sormen lanekin. Baina telebistarako euskarazko produktu onak egitea falta dela iruditzen zait, ideiak daude, beraz, agian dirua falta da, edo plataformek proiektuetan konfiantza izan behar dute, ikusgarriagoak izan daitezen… Gazteok euskarazko produktuak babestu behar ditugu.


Proiektu berririk baduzu?
Antzezlan baterako testua idazteko dirulaguntza bat eskatu dut eta emango balidate, honen sorkuntzan sartu nahiko nuke. Martxoan argitaratu nuen liburua ere euskaratu nahi nuke. Baina bestela, gaur egun ez daukat plan handirik.