Ongi etorri Durangoko Azokako fantasiara!

Hilabete bi baino ez dira falta Durangoko Azokak ateak irekitzeko. Abenduaren 6tik 10era bitartean ospatuko da aurtengo edizioa, 58.ena izango dena, eta antolatzaileak motorrak berotzen ari dira dagoeneko. «58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezibesteko hitzorduan bilakatu da», dio Gerediaga elkarteko presidentea den Nerea Mujikak. Horrexegatik hain zuzen, ez da kasualitatea aurtengo leloa ‘Fantasia DA!’ izatea, hori baita Landako Gunean abenduko zubian bizitzen dena, fantasia hutsa.

Asteazken honetan aurkeztu da leloa Durangon, eta harekin batera, aurtengo deialdiaren irudia izango dena. Ximon Agirre artista gipuzkoarrak diseinatu du, eta adierazi duenez, «ilusio handiz» hartu zuen aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, bai Durangoko Azoka «kulturaren erakusleiho handi bat» izateagatik, eta baita bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak egin izan dituelako ere. Horien artean aurki ditzakegu Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak, besteak beste.

Kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua dagoena. «Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko», azaldu du Hernaniko artistak. Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. «Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak…) pertsonaia fantastikoekin uztartuz», zehaztu du.

Arte ikasketak egin zituen EHUn Agirrek, eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen ondoren Gaztela-Mantxako unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da ere. Azken urteotan, gehienbat, musika taldeentzat egin du lan, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.

Mujikak, bere aldetik, ideia horren atzean dagoen unibertsoaz hitz egin du, argi eta garbi utziz antolatzaileentzat fantasia dela «sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, eta kulturaren beroa». Gaineratu duenez, halaber, «Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia».

Landako Gunean egindako ekitaldian presente egon da ere Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea dena, Durangoko Azoka proiektuaren parte diren denen lana goraipatu duena. «Sortzaileak garrantzitsuak dira edukinak sortzen dituztelako. Zer izango litzateke gizarte bat sortzaile gabe?», adierazi du. Isaac Amezagak, Bizkaiko Euskara zuzendari nagusia denak, bestalde, aipatu du Azokari esker, euskal kulturak munduan leku berezi bat duela. Haiekin batera, Durangoko alkatea den Mireia Elkoroiribek ere hitza hartu du, azpimarratuz Azoka den plaza erraldoi hori «oso» garrantzitsua dela herriarentzat, euskal kulturaren hiriburu bihurtzen baita abenduaren lehenengo egunetan.

Horrela, beraz, egunak zenbatzen dabiltza antolatzaileak, aurtengo deialdiko egitaraua prestatzen. Mujikaren hitzetan, denetariko eskaintzak egongo dira Durangoko Azoka osotzen duten gune guztietan (Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian). «Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia, eta fantasia ere izango ditugu aurtengo edizioan», esan du.

Hain zuzen, egitarauari dagokionez, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, durangokoazoka.eus webgunean.

Aurtengo edizioan, beste alde batetik, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango dela gogoratu dute, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da, baina Durangora etorri ezingo duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute. Eta, Ikasle Goiza izan arren, azoka bisitari guztientzat zabalik egongo da.

Nobedadeen artean, aipatu beharra dago aurtengo deialdian ez dela online dendarik izango. 2020an jarri zuten martxan, pandemiak eragindako egoerak behartuta. 2021ean, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean. Iaz, baina, onlineko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. «Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara», azaldu du Gaztelurrutiak.

Behin Azoka amaitu eta ondorengo astetik aurrera, Zu non, han DA! ekimena izango da martxan berriz, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango diona. Ekimen horri esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Hauetako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dira. Liburu saltokientzat izen-ematea aste honetan zabalduko dela aurreratu dute ere.