Ostegun honetan iritsi da PRIMERAN plataformara ‘Itxaso’ telesaila. Euskaraz filmatutako thriller kutsu nabarmena duen drama hau EITBk eta K 2000k (The Mediapro Studio) ekoitzi dute, eta Donostia Zinemaldiko EITB Galan aurrestreinatu zen duela egun batzuk.
Bada, surfaren munduan girotua dagoen telesail honek badu bere Escape Room digitala, izan ere, ‘Itxaso Marea Bizietan’ eitb.eus-en dago eskegita eta euskaraz jolasteko aukera eskaintzen du.
Telesailaren kokalekuak eta pertsonaiak ditu oinarri Escape Room-ak, eta erabateko interakzioa eskaintzen duen jolas honetan jokalaria da abenturaren protagonista nagusia. Nafarroako Adventure Doors enpesak garatutako eta EITBLabek sustatutako jokoak lau fase ditu eta bakoitzean sartu aurretik telesailaren spoiler arriskuaz ere ohartarazten du.
Esan bezala, euskaraz filmatutako ‘Itxaso’ telesaila surfaren munduan dago girotua eta casting zabala du: Nerea Mazo eta Aritz Kortabarria promesa gazteak bateko, eta Jon Plazaola, Itziar Atienza, Nerea Garmendia edo Jon Mendia bezalako ikus-entzunezko aktore ezagunak besteko. Amancay Gaztañaga, Sambou Diaby, Nerea Paris, Itziar Manero, Aitor Beltrán, Aitor Borobia eta Aitor Francesenak osatzen dute antzezle zerrenda. Sergio Sancho eta Daniel Terzaguiren ideia originala oinarri hartuta, María Cortések sortu du telesaila, eta Antonio Díaz Huertak zuzendu du.
Telesailak hamazazpi urteko neska baten istorioa du abiapuntu. Ama hiltzean, Mexikotik Euskadiko kostaldeko herri txiki batera joan beharko du, aitarekin bizitzera. Herri horretan surf eskola baten arduraduna da, eta alabak ez du apenas ezagutzen. Aldeak alde, biek elkar ulertu egin beharko dute nahi eta nahiez.
EiTBtik nabarmendu dutenez, surfa abiapuntua baino ez da, istorioaren mamiak nork bere burua gainditzeko egin beharreko ahalegina baitu ardatz. Gainditze horri buruz jarduten da, baina batez ere emozioen arloan: galerari nola aurre egin; aitatasuna eta guraso bakarreko amatasuna; seme-alaben heziketa, eskuarki, eta nerabeena, bereziki; bigarren aukerak… horiek guztiak jorratzen ditu lanak. Erabaki okerrak hartzen dituen eta horren ardura hartzen duen jendeari buruz ere hitz egiten du, erabaki horiek beti modurik onenean hartu ez badira ere.
Gainera, euskarazko telesail honek Bizkaiko kostaldeko «paraje ikusgarriak erakutsiko ditu iraungo dituen zortzi kapituluetan, Sopelan, Plentzian, Gorlizen eta Muskizen baitago kokatuta. «Kanpotik Euskadira datorren pertsona baten begiradarekin erakutsiko digute gure lurra, Itxaso protagonistaren begiradatik hain zuzen ere», diote bere arduradunek.
Beraz, anima zaitez telesaila ikustera eta baita Escape Room digitalaren abenturez gozatzera ere.