Errenteriako Udalak 2023-2024 ikasturterako Eskola Feministaren programazioa aurkeztu du, hamargarren edizioa izango dena.
Berrikuntza gisa, udazken honetan kantu, estanpazio edo dantza bezalako gai artistikoekin ikastaroak eskaintzearen aldeko apustua egingo da. Gainera, duela urte batzuetatik hona harrera ona izan duten guneei jarraipena emango zaie, dagoen eskaera handiari leku egiteko asmoz.
Beraz, urriaren 9tik aurrera, bost ikastaro jarriko dira abian (Emakumeak, birexistentzia; Munduko emakumeen literatura; Jakintzen trukea; Emakumeen arteko kantua berreskuratzen eta Batukada Feminista). Sei tailer ere antolatu dira (Autoestimu tailerra, eta ni, noizko?; Mendiko orientazioa; Xilografia: sormena eta aldarrikapenak; Gure genealogia feministak; Autodefentsa feminista hastapen maila eta Boterea, sororitatea, perrezoa). Azkenik, hiru ahalduntze-taldeekin jarraituko dugu: Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea; Emakume zaintzaileentzako topagunea; eta Emagune, hainbat jatorritako emakumeen topaketa.
Jarduera guztiak doakoak dira eta izena emateko epea urriaren 2ra arte egongo da zabalik, tailerren kasuan izan ezik. Programazioa eta ordutegiak Herri Bizia webgunean eta Emakumeen Etxean dauden liburuxketan kontsulta daitezke.
Izena emateko bi modu daude: ZU Arreta Zerbitzuan! Zure Udala, (arratsaldez, aurretiko hitzorduarekin joatea gomendatzen dute, 943 449 600 telefonora deituz) edo online udal webgunean.
Eskola Feministari buruzko informazio gehiago nahi duenak Emakumeen Etxera jo dezake.