Beldurrezko zinemaren asteko gazteen epaimahaian parte-hartzeko epea zabaldu dute

Donostia Gazteriak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartu eta Gazteen Epaimahaia eratuko du hemezortzigarren aldiz. Gazte Epaimahaia 150 pertsonekin osaturiko taldea izango da, eta beren ardura film laburren irabazlea aukeratu eta 34. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria ematea izango da. 

Parte hartzeko aukeratutako gazteak Victoria Eugenia Antzokian elkartuko dira urriaren 27an, 16:00etan, aurkeztuko diren film laburrak ikusi eta baloratzeko. Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta, emaitzaren arabera erabakiko da zeinek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Gainera, epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko.

18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta dauden tokiak baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna; beharrezkoa balitz, zozketa egingo litzateke. Zozketaren ondoren, hautatuek urriaren 27ko emanaldira etorriko direla baieztatu beharko dute; bestela, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.

Bestalde, epaimahaiko kide guztiek 34. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanaldietara joateko aukera izango dute. Emanaldiak urriaren 28ko saioan jakinaraziko dira.

Interesatuek Gazteriako webgunean eman dezakete izena urriaren 13ra arte. Urriaren 18an egingo dute zozketa, eta zozketaren emaitza ere bertan kontsultatu ahal izango da. Halaber, hautatuko gazteek bertan berretsi ahalko dute euren parte-hartzea.

Iturria: Gaztezulo