Bilboko kidegune eta gazteguneek metodologia berri bat landuko dute hasi berri den ikasturtean. Bada, hezkuntza ez-formalaren eremuan STEAM metodologia garatzearen aldeko apustua egin batitu Bilboko Udalak.
Helburua doako aisia-guneak garatzea da, adingabe guztiek zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin, matematikarekin eta artearekin lotutako ezagutzak eskuratu eta trebetasunak garatu ditzaten. Gainera, Udalak zenbait balio sustatu nahi ditu: talde-lana, konpromisoa eta esfortzua. Modu berean, gizartean parte-hartzea bultzatu nahi du, eta haurtzarotik sare komunitarioak sortu.
Kideguneetan eta gazteguneetan parte hartzen duten 2012 eta 2014 bitartean jaiotako adingabeek eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteek STEAM eredua hobekien islatzen duten ekimenetako batean parte hartu ahal izango dute: First Lego League-n. Nazioarteko jarduera horretan, 90 herrialdetako gazteek robot bat eraiki beharko dute, lehiaketak proposatutako erronkaren soluzioa aurkitzeko, betiere mundu hobe bat sortzeko helburuarekin.
Lana taldean egiten da. Taldekideek proposatutako gaiaren inguruan ikertu behar dute, eta benetako arazo bati irtenbidea emango dion berrikuntza-proiektu bat egin. Taldeek euren lana dokumentatzen dute eta aurkikuntzak partekatzen dituzte.
Bilboko Udalak urriaren 5etik 9ra irekiko du lehiaketako bi kategoriatan parte hartzeko eskaera-epea:
- 2014an jaiotako adingabeak, First League Experience kategoria: Taldea larunbatetan bilduko da, 17:30etik 19:30era, Abandoko udaltegian.
- 2012an edo 2013an jaiotako adingabeak, First Lego League Challenge kategoria: Kasu horretan, taldeak larunbatetan bilduko dira 17:30etik 19:30era, Basurtuko eta Begoñako udaltegietan.
Lehiaketa honetara bideratutako jardueren garapenari buruzko informazio gehiago nahi duten familiak udalak antolatu dituen informazio-saioetara joan daitezke, irailaren 26an (asteartea) Begoñako udaltegian, irailaren 28an (osteguna) Basurtuko udaltegian eta Abandoko udaltegian urriaren 3an (martitzena), kasu guztietan 18:00etan.
12 eta 16 urte bitarteko gazteek (2007-2011) Challenge kategoriarako taldeak osatuko dituzte. Bi talde eratuko dira: batek Otxarkoagako gaztegunea izango du topagune eta lantoki, besteak Basurtuko La Perrera eraikina.
Kasu honetan, informazioa jasotzeko eta izena emateko, deitu Otxarkoagako gaztegunera (688 81 26 80) eta La Perrera eraikinera (661 73 12 94).