“Zulora” saioaren hirugarren denboraldia irailaren 27an hasiko da. Eztabaida saioa hamabostean behin izango da ikusgai, Gaztearen YouTube kanalean.
Nobedade gisa, plato berria izango du Ane Zuazubiskarrek gidatutako saioak. Gainera, sareetarako sortutako tarte berria egongo da aurten: Hirukoa. Sekzio honetan, Sandra Eguiluzek saioan lantzen den gaiari buruko hiru kultur proposamen egingo ditu (liburuak, filmak, podkastak…).
Aurreko denboraldiek legez, hirugarren honek ere sei atal izango ditu. Ale bakoitzean hiru gaztek gaurkotasuneko zenbait gai izango dituzte hizpide. Gaioi ertz guztietatik heltzeko asmoz, aurten ere kolaboratzaileak izango dira. Kaleko ahotsak jasoko dituzte Julen Portillok eta Leo Bueriberik eta Antton Telleriak “Toni Helduhoni” gorpuztuko du (gizartean egon badiren baina sarri ezkutuan mantentzen diren iritzi arriskutsuen ordezkari gisa).
Lehen bi atalak
Irailaren 27an, mugikorrarekiko eta sareekiko deskonexioa izango da “Zulora”ren gaia, eta Iruñe Astiz, Jon Abaitua eta Telmo Lazkano izango dira hizketaldiko protagonistak.
Bigarren saioan (urriaren 11n zabalduko da), bikotezentrismoa edo bikote izateak gizartean duen esanahia izango da abiapuntua. Gaia jorratzeko, Iholdi Beristain, Unai Ribera eta Luix Mitxelena gonbidatuko ditugu.
“Zulora”rekin zerikusia duen guztia galdu nahi ez baduzu, jarraitu saioaren Twitter, Instagram eta TikTok profilak. Gaztean ere aurkituko dituzu edukiak, webgunean zein Instagramen.