Liher taldeak «atseden garrantzitsua» hartuko du martxotik aurrera

Hibernatzeko unea helduko zaio martxoan Liher musika taldeari, astearte honetan taldeak bere sare sozialetan iragarri baitu bere azken diskoaren bira amaitzerakoan «atsedena» hartuko duela. «Iritsi da ‘Eta hutsa zen helmuga’ agurtzeko unea. Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo. Zortzi urtez egon gara jo eta fuego gure bidea eraikitzen, eta oraingoan, agurra beste batzuetakoa baino apur bat garrantzitsuagoa izango da», adierazi dute sare sozialetan zabaldutako ohar batean.

Liherzaleok bazekiten dagoeneko Donostiako laukoteak hamar emanaldi eskainiko zituela abendura bitarte, eta horietako batzuk atzerrian izango zirela. Hala ere, orain 2024ren hastapenetan Liherzaleokin elkartzeko hiru hitzordu berezi izango dituztela adierazi dute: urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazzen, ; otsailaren 25ean, Bilboko Kafe Antzokian, eta martxoaren 2an, berriz, Donostian, nahiz eta azken horri dagokionez, oraindik zehazteko dagoen non joko duten.

Taldeari buruz

2015. urtean hasi zuen ibilbidea Liher proiektuak. Bakarkako maketa bat atera zuen orain taldeko abeslari eta gitarra-jole den Lide Hernandok, ‘Arrazoi gutxi, denbora asko’ izenekoa. Ostera, talde bilakatu zen proiektua, eta egun Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (bateria) ibiltzen dira Liher izenaren azpian.

2016an ‘Hauts’ izeneko lehen lan luzea argitaratu zuten, 2018an ‘Tenpluak Erre’, zeinarekin taldeak rockaren soinu gogorragoetarako bidea hartu baitzuen. Bide honetatik jarraituz 2020an ‘Hemen Herensugeak Daude’ liburu-diskoa argitaratu zuten, eta 2021eko azaroan ‘Eta Hutsa Zen Helmuga’ azken lana. Lau lan hauetan zehar rock musikaren adar ezberdinak nahastuz, estilo eta soinu geroz eta pertsonalagoak garatzen joan da taldea, zuzeneko indartsuetan erakusten dutelarik euren aurpegirik sendoena.