Granada, esperientzia errepikaezina leku paregabean

Granada Andaluziako hiri, udalerri eta probintziako hiriburua da. Mendeetan zehar bertan ezarri ziren kulturen nahastea dela eta, aniztasun kultural, arkitektoniko eta gastronomiko handia duen hiria da, batez ere musulmana. Zalantzarik gabe, Alhambra hiriaren nortasunaren ikurra da. Multzo hori penintsulako garrantzitsuenetako bat da, eta Europako arte musulmanaren obra gailentzat jotzen da.

Sabikako muinoaren gainean kokatuta dago Alhambra. Haren jatorria IX. mendekoa da, Alcazaba babesleku modura erabiltzen hasi zenean. XIV. mendean, Yusuf eta Mohamed V.aren erregealdiekin, Alhambrak bere itxura monumenala eta bakarra hartu zuen. Multzoa, nagusiki, Generalifeko Lorategiek, Jauregi Nazariarrek eta Alcazabak osatzen dute, arabiar eraikuntzakoak. Eraikin honen barruan Karlos V.aren jauregia eta meskita zaharraren gainean eraikitako Santa Maria eliza daude.

Alhambra Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 1984an. Argiak eta urak arkitekturari dekorazio-efektu garrantzitsuak nola ematen dizkioten erakusten duen adibide paregabea da Alhambra; multzoaren bakesentsazioa sortzen laguntzen da horrela. Lehoien Patioak izen bereko iturri ospetsua du. Jauregi Nazariarren gelan kokatua dago Lehoien Patioa, arte nazariarraren obra gailena da, eta haren erdian Lehoien Iturria dago, Granadako multzo arkitektoniko osoan argazki gehien egiten zaion gunea. Hamabi lehoiak eta multzoa osatzen duen katilua Almeriako marmol zurizko blokeekin eraiki ziren.

Sierra Nevada

Sierra Nevadako parke nazionalak Iberiar Penintsulako gailurrik garaienak ditu. Sierra Nevada paradisu natural alpinoa da Andaluziaren bihotzean. Bere tontor elurtuen, ibaien eta basoen artean, xarmaz beteriko herriak daude. Herri zuriak, Alpujarra edo Lecríngo Harana kasu, tradizioaren zapore osoa gordetzen dutenak, lasaitasunaz eta atsedenaz gozatzeko aproposak. Bertako fauna eta floragatik, Sierra Nevada Biosfera Erreserba eta Parke Nazional izendatu zuten. Bertan, Europako eski estazio onenetako bat dago. Baina eskiatzeaz gain, mendilerro honek beste aukera batzuk eskaintzen dizkio bisitariari, hala nola Monachil Cachorros mehargunetatik mendi-ibiliak, Poqueirako amildegira hurbiltzea, Mirlo Blanco jarduera- parkea bisitatzea edo eskualde hau osatzen duten herri ugarietako gastronomia ezagutu eta dastatzea.


Gastronomia
Probintzia honetako platerik klasikoenen artean, choto al ajillo, olioarekin eta ardo zuriarekin prestatutako ahuntz-platera dago. Plato alpujarreño (txerria, patatak, arrautza frijituak, txorizoa eta odolkia), edo remojón granadino; laranja, tipula edo tipulina, bakailao gezatua, olioa eta oliba beltzak dira plater horren osagaiak, zapore gozo eta gazien nahasketa goxoa, arrautza gogorrekin osa daitekeena.
Postreen artean, piononos de Santa Fe delakoa Granadako gastronomiaren gozoki nagusia da, haren gainean bildu eta krema txigortu batez koroatutako bizkotxo mozkor bat da. Cazuela mohína: ogia, esnea, arrautzak eta azukrea buztinezko kazoletan egosia.