Kuwaiteko haur bidunek hezkuntzarako duten eskubidearen urraketa

Kuwaitek lehen eta bigarren mailako doako irakaskuntza eskaintzen die eskola publikoetan Kuwaiteko herritartasuna aitortuta dauden guztiei, eta goi-mailako ikasketak ordaintzen dizkie beharrezko kalifikazioak lortuz gero. 1987az geroztik, gobernu kuwaitarrak ofizialki “legez kanpoko egoiliar” gisa kalifikatzen ditu pertsona bidunak, nahiz eta bai haiek bai haien aurrekoak Kuwaiten jaio izan belaunaldiz belaunaldi.

Haur bidunei salbuespenezko kasuetan bakarrik uzten zaie doako eskola publikoetara sartzen, hala nola armadan edo polizian zerbitzatu duten gizonen seme-alabak edo bilobak direnean. Bidun bati dagokion kate- goria administratiboa lor ditzakeen nortasun-agirien konbinazioaren araberakoa da, eta horrek, besteak beste, hezkuntzarako sarbideari eragiten dio.

Gurasoek eta haurrek Amnesty Internationali kontatu zioten joan behar zuten eskola pribatuetan izandako esperientzia, 50 ikasletik gorako gelekin, batzuetan aire egokiturik gabe, eta informatika-eskolak ordenagailu nahikorik gabe. Hala eta guztiz ere, familiek beren diru-sarreren zati handi bat erabili behar dute eskola pribatu horiek ordaintzeko. Kuwaitar gisa aitortuta dauden eta beharrezko kalifikazioak lortzen dituzten pertsonek doan ikas dezakete Kuwaiteko Unibertsitatean, eta Estatuak finantzatzen ditu ikasketak, halaber, atzerriko unibertsitate batean onartuz gero. Aitzitik, Kuwaiteko Unibertsitatean ikasle bidunentzako onarpen-kupo txiki samarra dago. Gainera, nortasun agiri ofizial balioduna duten ikasle bidunak baino ez ditu onartzen. Hala ere, bidun askok ez dute agiriok ematen dituen erakunde ofizialean izena ematen, edo berritzeari uzten diote –urtebeteko balioa dute–, nahierara beste nazionalitate bat eman diezaieketelako.

Bidun Batzordea

Bidun Batzordea 2010ean legez kanpoko egoiliarren egoera kudeatzeko ezarri zen egitura zentrala da. Nazionalitate-arazoak konpontzen dituen erakunde publikoa da, eta horretarako eskubidea dutenei herritar-estatusa ematen die. Hala ere, oso bidun gutxik baliatu ahal izan dute prozesu hori.

Taima hiria hainbat bloketan banatuta dago, non bidunak 1970eko hamarkadan ezarri ziren, Estatuak hala eskatuta. Etxe horiek ashish txaboletan bizi ziren bidunen ohiko habitata desagerrarazteko eraiki ziren. Hasiera batean, aldi baterako izango ziren, eta familiei ostatu emango zieten. Baina 50 urte geroago, beste leku batera joateko aukerarik gabe jarraitzen dute. Etxebizitza horietatik metro gutxira eskola publiko bat dago, eta bertan ezin da haur aberrigaberik inskribatu.

Nahiz eta bidun batzuek segurtasun- txartelak eraman, haientzako zerbitzuak eskura ditzaten, erregistratu gabeko bidunek dokumentu horiek ere ez dituzte, eta beren etxeak uzteko beldur dira, atxilotuak eta deportatuak izateko arriskua baitute.