Eusko Jaurlaritzak 1,7 milio euro bideratuko ditu gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko. Hortaz, “Euskalgintza” izeneko deialdi honetarako 1.704.000euro bideratuko dira, iaz baino 154.000euro gehiago, lagundu daitekeen egitasmo mota berri bat gehitu baita, ingurune digitalaren eremuan ikus-entzunezkoak sortzea eta zabaltzea helburu dutenak.
Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak. A multzoa: 650.000euro bideratuko dira esparru ez-formaletako lau motatako proiektuak laguntzera. B multzoa (125.000euro): euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak. C multzoa (50.000euro): euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak. D multzoa (754.000euro): euskara ingurune digitalean laguntzeko proiektuak. E multzoa (35.000euro): euskararen familia bidezko transmisioa sendatzeko helburu duten egitasmoak. F multzoa (40.000euro): euskarari zuzenean lotatutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak. Eta G multzoa (50.000euro): euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa-eta idazketa-trebetasunak garatze aldera eginiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak…