Euskara gehiago entzungo da Madrilgo Kongresuan

Orain arte Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzea ahalbidetzeko trabak baino izan ez direnak, urrats hori emateko ustezko konplexutasun teknikoa ere argudiatuz, erabateko irekiera bihurtu da, euskarak, katalanak eta galizierak Behe Ganberan protagonismo-kuota izatea ahalbidetzen duena.

Kongresuko presidente berriak, Francina Armengolek, bere lehen hitzaldian gonbidatu zituen bertaratutako guztiak “benetako Espainia hau hobeto ezagutzeko eta aitortzeko espazioak eraikitzera, entzutean eta elkarrizketan oinarrituta”. “Arrazak, hizkuntzak eta identitateak kristalezko hesiak izan ez daitezen”, zehaztu zuen ideien aniztasuna, “kolorez eta ñabarduraz betetako Espainian” errespetuz defendatu ondoren. Armengolek Kongresuak herritarrenganako izan behar duen hurbiltasunaren balioa azpimarratu zuen.

Hizkuntza koofizialetan hitzaldiak emateko aukera aspaldiko gaia da. Talde nazionalisten eskakizuna izan da maiz eta orain arte, berehala gaztelaniara itzuli behar dituzten mezu motzak soilik zabaldu ditzakete diputatuek tribunatik, Kongresuko araudiaren arabera.

Europar Batasunean

Bestetik, Europar Batasunak euskara, katalana eta galegoa hizkuntza ofizial gisa onartu ditzala adostea lortu du Junts alderdiak. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak lehen pausoa eman du eta Jose Manuel Albaresek, jardunean dagoen Atzerri Gaietarako ministroak, eskutitza bidali dio Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentziari, hizkuntzen araudia aldatu dezala eskatuz. Eskutitzean irailaren 19an egitekoa den Kontseilu Orokorraren gaietan puntu hau sar dezala eskatzen du.