Euskal Herriko trikitixa elkarteak bertsio lehiaketa antolatu du

Edozein garai eta estilotako euskal kantuak hartuta, soinu txiki eta panderoarekin bertsioak egitea proposatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Edonork parte har dezake, adin mugarik gabe. 

Abestia grabatzeko soinu txikia edota panderoa soilik erabil daitezke, bestelako instrumentu edo oinarri instrumental elektromelodikorik gabe. Hautatutako pieza originala izango da eta letrarik izatekotan, euskarazkoa eta baztertzailea ez dena izan beharko da. 

Talde bakoitzak nahi adina pieza aurkez ditzake, baina talde bakoitzeko kantu bakarra aukeratuko da diskoaren grabaketarako. Abesti bakoitza bideoan grabatu beharko da, taldeko partaide guztiak zuzenean jotzen ari direla. 

Epaimahaia Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen zuzendaritzak osatuko du eta hamar abesti aukeratuko ditu. Ondoren, hautatutako kantuekin CDa grabatuko da abenduan zehar, Peio Gorrotxategiren estudioan. 

Bideoak trikitixa@trikitixa.eus helbidera bidali behar dira urriaren 31 baino lehen. Erabakia azaroaren 15ean argitaratuko da www.trikitixa.eus webgunean.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.