Urriaren 1ean Orereta-Errenterian ospatuko da Kilometroak eguneko jaia, eta Orereta Ikastolako ikasle, familia eta langileak buru-belarri dabiltza prestaketa-lanetan. Hala, giroa berotze aldera, Jon Maia Soria bertsolariak eta Janus Lester taldeak sortu duten ‘Erriola’ kantaren bideoklipa grabatu dute eta Kilometroak 23ren Youtubeko kanalean ikus daiteke dagoeneko.
Aipatu bezala, Jon Maiaren hitzekin eta Janus Lester taldearen musikarekin sortutako ‘Erriola’ kantua orain dela hilabete batzuk heldu zitzaigun. Bien arteko elkarlana «erraza eta oparoa» izan zen Jokin Pinatxok, taldeko abeslariak, azaldu zuenez. Izan ere, bere hitzetan, «Jonek lehen ideia bidali zidanetik niri abestia nahiko azkar atera zitzaidan. Konexioa azkarra izan zen eta oso gustura aritu naiz». Haiekin izan dira prozesuan Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatuak), Ane Bastida (baxua), Javier Etxarri (gitarra), Julen Suarez (tronpeta) eta Andoni Arriola (tronboia).
Arena Comunicación ekoiztetxeak grabatutako bideoklipean, Janus Lester taldeko Jokin Pinatxorekin batera, Oreretako Ikastolako ikasle, langile, guraso eta aitona-amonak ageri dira Vanesa Castañok sortutako koreografia dantzatzen; Kukai Dantzak ere parte hartu du bideokliperako propio sortutako dantza moldaketarekin.
Kilometroak 23ren hiru ardatzei -komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza- jarraiki, Orereta-Errenteriako txoko-bazterren eta euskarari lotutako ekimen ugariren irudiak jaso dituzte bideoklipean, iraganeko eta gaur egungo pasarteak tartekatuz. Herriko eta Orereta Ikastolako irudi historikoak Miguel Ángel Quintana, Mikel Mendizabal, Karlos Astrain eta Iñaki Nogueiraren laguntza estimagarriari esker eskuratu eta erabili ahal izan dira, eta Papresa enpresaren babesletzari esker osatu ahal izan da bideoklipa.
Programa urte osoan zehar egon da banatuta, eta, esan bezala, urriaren 1ean amaituko da, jai giroko egun batekin.