Manuel Lekuona Sarirako zure hautagaitza aurkeztu, irailaren 15era arte!

Eusko Ikaskuntzak ekainean jarri zuen martxan Manuel Lekuona Sariaren edizio berri bat eta gogoratu nahi dizuegu hautagaitzak jasotzeko epea irailaren 15era arte egongo dela zabalik. Iaz Enkarno Genuak jaso zuen aitortza, eta aurreko urteetan Jon Bagues, Jose Ramon Etxebarria, Xabier Amuriza edota Mari Jose Azurmendi izan ziren sarituak, besteak beste.

Irabazlea aukeratzeko jarraituko diren balioespen irizpideak izango dira balio unibertsala, bizitzako ibilbidea, konpromiso eta ekarpen adierazgarriak euskal kulturari, obraren dibulgazioa eta eEremu akademikotik at buruturiko jarduera.

Era berean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatze aldera, epaimahaiak emakumezkoen hautagaitzak aintzat hartuko ditu; gainera, Euskal Herriko lurralde errealitate ezberdinak islatzen dituzten pertsonak lehenetsiko ditu.

Kontuan izan hautagaitzak edonork aurkez ditzakeela, pertsona fisiko zein juridikoek, betiere eskatzen diren irizpideak betez gero, helbide honetan: info@eusko-ikaskuntza.eus. Oinarrietan zehaztua dagoen bezala, ezingo da hilda dauden pertsonen hautagaitzarik aurkeztu.

Sari banaketa

Saria bi modutara emandako botoen bitartez erabakiko da: alde batetik, Euskal Komunitate Globalera irekitako partaidetza birtual bidez, Eusko Ikaskuntzako kide direnen eta ez direnen botoak bereiziz (horretarako, Eusko Ikaskuntzaren webgunean atal bat irikiko da); bestetik, epaimahai instituzional baten bidez, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Euskal Herrian erreferente diren entitateetako zazpi ordezkarik osatuko dutena.

Remigio Mendiburu artistak egindako brontzezko eskultura bat jasoko du irabazleak, eta bere bio-bibliografia ere argitaratuko da. Sari banaketa ekitaldi publiko batean egingo da saridunaren lurraldean.