Bermeoko barrakak isilak izango dira, lehen aldiz

Jaietan mundu guztiak gozatu behar du. Denek izan behar dute tokia. Bermeo datorren irailaren 7tik 16ra bitartean Andramari eta Santa Eufemietan murgilduko da, eta jaiak gero eta inklusiboagoak izateko helburuarekin, pertsona guztiek udalerriko jai giroaz gozatzeko aukera izan dezaten, irailaren 6an eta 12an, barrakak isilak izango dira, hau da, ez dute musikarik edo zaratarik egingo autismoa edota dibertsitate funtzionala duten pertsonen onurako.

Modu horretan, «mota horietako egoera dituzten pertsonek ere barrakez gozatzeko eskubidea dute, gainerakoek egiten dugun bezala, eta horregatik, Bermeoko Udaletik beste urrats bat eman dugu, eta lehenengo aldiz bi jardunaldi antolatu ditugu zaratarik gabe. Andramari eta Santa Eufemia jaien aurtengo edizioa, beraz, herritar guztientzat pentsatuta dago, baita zaratak bereziki eragiten dien eta guneko bolumen handia dela eta atrakzioez goza ezin dezaketen pertsonentzat ere», azaldu du Endika Etxebarria Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak.

Bermeoko jaiek irailaren 7an egingo dute eztanda, gauean, Goiko Plazan, Xixili lamiaren aurkezpenarekin. Nadia Nemeh Shomaly alkatearekin batera, pregoia Babes Zibileko kideek botako dute. Irabazi-asmorik gabeko elkarte hau bermeotarrek aukeratu dute ‘lan’ honetarako, 250 botorekin. Bermeoko Txosnen Batzordeak 159 eskuratu zituen eta San Frantzisko Ikastetxe Publikoak 228. Aurtengo pregoilariak pozik agertu dira izango dute ohorearekin. «Egiten dugun lana errespetatzen eta eskertzen dutela esan nahi du, oso pozik gaude», aipatu dute boluntarioek.