Musikaren munduko izar bihurtu nahi duzu?

Abesteko gaitasuna eta talentua duzu? Hau da zure aukera! Izan ere, milaka pertsonaren aurrean kantatzearekin egiten baduzu amets, zure betiko desioa abeslari izatea bada, urritik aurrera ETB1ek martxan jarriko duen ‘Ztanda’ talent show berrian parte har dezakezu.

Horretarako, alegia, ETB1eko ‘Ztanda’ lehiaketa berrian parte hartu nahi baduzu, 16 urte baino gehiago izan behar dituzu eta hemen apunta zaitezke. Horrela, zeu izan zaitezke ‘Ztanda’ saioan parte hartuko duten 12 lehiakideetako bat. Eta, adi, izan ere, irabazleak sari potoloa izango du eskuragai: 15.000 euroko saria hain zuzen ere.

«ETBn zure ametsari emango diogu ahotsa. Casting deialdia jada martxan dago! Ez galdu zure aukera, zu izan zaitezkeelako euskal kantagintzaren izar berria!», iragartzen dute. Tira, gonbidapena luzatuta dago eta, orain, lotsak alde batera uztea baino ez da gelditzen.

Bestetik, ETB2n, udazkenean ere, ‘La Caza: nada es lo que parece’ abentura reality berria izango da ikusgai, Juanma López Iturriagak aurkeztuta. Lehiaketa fisiko eta muturrekoa izango da. Izan ere, parte-hartzaileen lehiarako eta erresistentziarako gaitasuna muturrera eramango du ‘La Caza: nada es lo que parece’ saio berrian. Reality-ak: proba fisikoak, arriskua, elkarbizitza, talde-lana, bakarka bizirauteko gaitasuna… Horretarako, lehiakide indartsu eta gogorren bila aritu dira, beldurrik gabekoak, eta muturreko egoeretan bizitzeko prest daudenak. 24.000 euroko saria dago jokoan.