Kantakatilu, euskal kanten bitartez euskara lantzeko jarduera

Euskara praktikatu, hobetu eta euskarazko harremanak zabaldu nahi dituen orori zuzendutako ekimena, hau da, Kantakatilu, Zornotzan egongo da martxan urritik aurrera. Euskal kanten bitartez euskara lantzeko jarduera da. «Proiektu honek hainbat helburu batzen ditu. Alde batetik, kanten bitartez euskara hobetzea. Bestetik, gainerako parte-hartzaileekin euskara praktikatzea eta halaber, euskaldunon arteko harreman sareak sortzea. Gainera, aukera aparta izango da euskara giro atseginean lantzeko eta erabiltzeko», nabarmendu du Euskara zinegotzia den Jon Artabek.

Artabek gaineratu duenez, «legealdi honetan euskara zeharkako lerroa» izango da. Hala, bultzatuko diren ekimen guztietan euskararen presentzia bermatu eta kultura garapena eta ongizatea lortzeko giltzarria bezala ulertuko da. «Kantakatilu proiektuak ere gure helburuekin bat egiten du eta bizilagunek aukera aprobetxatzea espero dugu», adierazi du zinegotziak.

Kantakatilu proiektua urrian abiaraziko da eta saio bat antolatuko da hilero, hilaren lehenengo ostegunean, 19.00etan. Hiru ordu laurden inguruko saioak izango dira, eta horren ostetik pintxo-potean praktikatzeko aukera ere eskainiko da. Ez dago ezelako ordainketarik egin beharko, doakoa izango baita ekimena. Baldintza bakarra eta ezinbestekoa dago: euskaraz egitea. «Ez du ardura ze euskara maila duen bakoitzak, baina euskaraz egin behar da parte hartu ahal izateko. Herritarrak animatu nahi ditugu proiektu berri honetan parte hartu eta gure hizkuntza erabiliz gozatzera», azaldu du Artabek.

Jarduera 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta izena emateko epea irailaren 1etik 29ra izango da esteka honetan. Bestelako argibiderik nahi izanez gero, Euskara Zerbitzura deitu daiteke: 94 630 00 02 (120 eta 121 luzapenak). Nahiago duenak, ondoko helbidera idatzi dezake: euskara@amorebieta.eus