Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak YouTuben euskarazko edukiak zabaltzeko lantegia antolatu dute

Lehen mailako bi lantegi abenduaren 26an eta 27an eskainiko dira, eta hirugarrena, urtarrilaren 2an eta 3an

UNAI GANDARIAS /2019-12-09/ Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak ‘B-Tuber. Youtuber izarren bila!’ izeneko lantegia antolatu dute, elkarlanean. Hirian erroldatutako gazte 11 eta 13 urte bitartekoentzat izango da, eta parte hartzaileek aukera izango dute euskarazko ikus-entzunezkoak sortu, editatu, konpartitu eta Youtubera igotzen ikasteko, modu errazean eta segurtasunez. Lantegiak abendua amaieran eta urtarril hasieran izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lantegiaren xedea da gazteek ikastea beharrezkoak diren mekanismo guztiak beren bideoak euskaraz sortzeko, editatzeko eta Youtuben jartzeko. Izena emateko epea igandean bukatuko da, abenduaren 8an, eta interesdunek www.bilbao.eus web orrian egin dezakete izen-ematea.

Guztira, 60 plaza eskainiko dira lau lantegitan banatuta, 15 parte hartzaile izanik bakoitzeko. Eskaintzen diren plaza guztiak betetzen badira, itxaron zerrenda bat egongo da, eta, eskatutako lantegian lekuren bat libre geratzen bada, zerrendako lehenari deituko zaio. Saio guztiak euskara hutsean izango dira, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek euskaraz jakin beharko dute.

Lantegiek bi maila izango dituzte: hasierakoa eta hobetzekoa. Hasierakoan parte hartuko dute ikastarootan lehenago parte hartu ez dutene, eta hobetzekoan, aldiz, beste aldi batzuetan hasierako mailakoetan parte hartu dutenek. Zortzi orduko lantegiak izango dira, eta bi saiotan emango dira, bakoitza lau ordukoa, 09:30etik 13:30era, Euskararen Etxean.

Hasierako lantegiak hiru izango dira: abenduaren 26an eta 27an bi izango dira, eta urtarrilaren 2an eta 3an hirugarrena. Hobetzeko lantegia abenduaren 2an eta 3an izango da.