Aitor Gabilondok sortutako Espainiako telesaila da. Thriller psikologikoa da, eta 6 atal ditu. Gau gorria Bilbon. Isiltasuna. Bat-batean, gorputz bat erori da Isozaki dorreen pareko eraikin batetik. Segundo batzuk geroago, beste gorputz bat balkoitik behera amiltzen da. Telesaila gertaera horretatik 6 urtera hasten da, Sergio Ciscar (Arón Piper) aske uzten dutenean, gurasoen hilketagatik zigortu ondoren, artean adingabea zela. Urte horietan guztietan, Sergiok ez du tutik ere esan, eta ez du justiziarekin kolaboratu; beraz, krimenaren arrazoiak eta asmoak ez dira argitu oraindik. Sergioren obsesio bakarra arrebarekin harremana izatea da, gau zorigaiztoko hartatik ez baitu ezer jakin.
Ana Dussuel (Almudena Amor) psikiatra gaztea eta bere taldea arduratuko dira Sergiok gizartearentzat zenbaterainoko arriskua eragin dezakeen zehazteaz. Psikiatrak arrazoi pertsonalak ditu Sergioren asmoei buruz gehiago jakiteko, izan ere, Noaren (Irene Virgüez), Sergioren arrebaren, adopziozko ama da. Egia jakiteko, psikiatrak ikerketa bihurri bat jarriko du abian, zorigaiztoko gau hartan zehazki zer gertatu zen jakiteko. Ana eta bere taldea arduratuko dira Sergio gizartearentzat arriskutsua ote den ebaluatzeaz. Hori jakiteko, kamera ezkutuko operatibo bat antolatuko dute, gaztea gau eta egun sekretupean ikusteko, etadoktorearen obsesio bihurtuko da. Telesailak beste gai batzuk ere jorratzen ditu, enkriptofilia, esaterako: askatasunik gabeko presoenganako erakarpena –hala nola Marta (Cristina Kovani) Primarkeko langileak protagonistarekiko sentitzen duena–, jeloskortasuna edo poliziaren ustelkeria.

13. biltegia
AEBko zientzia-fikziozko telesaila izan zen. Jack Kennyk ekoitzia, 5 denboraldiz egon zen antenan, 2009-2014 bitartean. Telesailak Peter Lattimer (Eddie McClintock) eta Myka Bering (Joanne Kelly) agenteen istorioa kontatzen du. AEBko bi agente sekretu dira, presidentearen bizitza salbatzen dutenak, eta, egindako lan handiagatik, eginkizun garrantzitsu bat ematen zaie: 13. biltegia zaintzea. Bi agenteak dira 13. biltegiaren arduradun: Peter, espontaneoa eta intuitiboa, eta Myka, serioa eta bere lanari emana. Arthur Nielsen (Saul Rubinek) Zerbitzu Sekretuko agentearen agindupean daude, zeinak bere lanarekiko debozio handia duen. Lan erraza dirudien arren, biltegiak misterio handiak ditu barruan, eta horrek izugarri arriskutsu bihurtzen du zaintza, naturaz gaindiko objektu fantastikoak biltzen baitira bertan, gizateriarentzat mehatxu direnak.
