Euspot lehiaketa 2001ean jaio zen euskarazko iragarkiak sortzeko, eta euskarazko sorkuntzan eta publizitatean erreferente bihurtu da. Eusko Jaurlaritzak babestuta eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren bultzadarekin, aurten Euspoten 12. edizioa egin da.
Erronka izan da 30 segundoko iragarki bat sortzea bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko, eta munduaren eralda- ketan aktiboki parte harrarazteko. STEAM edukia gazteengana hurbildu eta baloratu nahi izan da, baita trebetasun eta lanbide horien interes- eta ezagutza-maila handitu ere, garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte-hartzea errazteko. Sormena eta ikasteko grina sustatu nahi izan dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz.
2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana Euskadik Ikerketaren eta Berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa da. Haren ikuspegia da Euskadi berrikuntzan Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzea 2030ean. Estrategia hori erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, zentro teknologikoek eta eragile sozioekonomikoek partekatzen dute.
Parte-hartze historikoa
2023ko edizio honetan, Euspoten parte-hartzea historikoa izan da. Guztira 149 lan aurkeztu dira, iaz baino 54 gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 39 izan dira 18 urtetik gorakoek egindakoak, eta 110, 18 urtetik beherakoek. Spotik onena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuak emana (1.000 euro), Gorka Santos Alvarez eta Haizea Bedialauneta Garciarentzat izan da.