Sexu-hezkuntza da, oraindik ere, gure hezkuntza-sistemaren gainditu gabeko irakasgaia. Ez dago eskola-sisteman modu formalean txertatuta ikasgai gisa, eta, hala ere, gero eta beharrezkoagoa da zenbait jarrera aldatzea lortuko duten ezagutzak zabaltzea, batez ere gazteen artean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, sexu-transmisiozko infekzioen lau kasutik bat 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean gertatzen da. Desagerrarazteko, edo, bestela, sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko, ezinbestekoa da gazteak ondo informatuta egotea eta babes egokirik gabe sexu-praktikak eginez gero dituzten arriskuez jabetzea. Egoera gero eta tamalgarriagoa da: STIak izugarri ugaritzen ari dira mundu garatu osoan, sexu-transmisioko lau gaixotasun ohikoenek (klamidiak, gonorreak, sifiliak eta sortzetiko sifiliak) gora egin baitute 2023an, 2021eko maila prepandemikoen gainetik.
Preserbatiboaren murrizketa
Baina, nola da posible infekziomaila honetara iritsi izana? STIen gorakada hori neurri batean azal dezaketen faktore posibleen artean honako hauek aurki daitezke: infektatutako pertsonek pairatzen duten estigma soziala, osasun- programen finantzaketa murriztu izana eta ikasgeletako sexu-hezkuntza mugatua. Belaunaldi gazteenek sexu-transmisiozko infekzioen beldurra galdu dute, eta kutsatzen badira, zientziak sendatuko dituela espero dute.
Preserbatiboa da gaur egun, haurdunaldia saihesteaz gain, STIak prebenitzen dituen metodo bakarra. Adituek adierazi dutenez, kondoia sexu-praktika guztietan erabili behar da, batez ere gazteen artean, etapa horretan sexu-harremanak dituzten bikoteen aniztasuna handiagoa baita. STI horiek sexu-ekintzaren etapa guztietan transmititzen diren infekzioak dira, birusek, bakterioek eta parasitoek eragindako odolaren, semenaren, likido preseminalaren eta/edo fluido baginalaren bidez; beraz, nahitaezkoa da preserbatiboa behar bezala erabiltzea sexu-praktika osoan, horiek saihesteko. Ez dago zalantzarik preserbatiboak sexu-transmisiozko infekzioen aurka duen eraginkortasunaz sexu-harremanak izaterakoan; horregatik, beharrezkoa da hasieratik amaieraraino etengabe erabiltzea.
STIen aurkako kanpaina Euskadin
Euskadin, STIek “hazkunde iraunkorra” izan dute 2000. urtetik, eta 15 eta 24 urte bitarteko lau gaztetik bati eragin diote. Osakidetzako STIen kontsultetan jasotako datuen arabera, 2022an, nabarmen igo da klamidiak, infekzio gonokozikoek eta sifiliek kutsatutakoen kopurua, aurreko urteekin alderatuz gero. Gainera, azpimarratu behar da azken urteotan, Arabako, Donostiako eta Basurtuko Unibertsitate Ospitale nagusietan, clamidia tracomatisak eragindako infekzioen gorakada berezia antzeman dela euskal gazteen artean.
Zifra horiek gorantz egiten jarrai ez dezaten, uda honetan, aisialdirako eta topaketa pertsonaletarako urterik aproposena den honetan, batez ere gazteen artean, kanpaina bat egiten ari da Osasun Saila, gazteak gaixotasun horiek saihesteko preserbatiboa erabili beharraz kontzientziatzeko.
Gazte eta nerabeei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina honek preserbatiboa infekzioak saihesteko metodorik eraginkorrena dela azpimarratzen du.
Kanpaina bitarteko konbentzionaletan eta sare sozialetan egiten ari da, eta infekzio bakoitza Tinder plataformaren profil gisa irudikatzean datza. Horren gainean, “Ez egin matchik STIekin. Preserbatiboa erabili” leloa irakur daiteke, eta, horrela, gazteenak kontzientziatu egiten dira STIen prebentzio-bitarteko horren erabileraren inguruan.
Kontzientziazio-kanpaina horretaz gain, Euskadiko Hiesaren eta sexu-transmisiozko infekzioen Planak ikastetxeen eskura jartzen du sexualitatearekin lotutako arriskuak prebenitzeko programa hau: “GIB, STI eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko Programa”. 2022-2023 ikasturtean, 115 ikastetxek material pedagogikoa eskatu zuten, eta 595 gida banatu ziren irakasleentzat, 9.612 gida gazteentzat eta 10.389 preserbatibo.