Zinemagile gaztea zara eta sare sozialen erabileran oinarritutako sormenezko lanen bat duzu buruan? Zorioneko zaude! SGAE Fundazioak, EAEn duen ordezkaritzaren bitartez, sormen-dokumentalen sorkuntza sustatzeko helburua duen GazteDoku 2023 deialdia zabalik dago eta bertan zure proposamena aurkezteko aukera izango duzu abenduaren 15era arte.
Adi, baldintza batzuk bete behar dira eta: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren zinemagileei zuzenduta dago, 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte eta SGAEko bazkide izan behar dute (edo bazkide izateko prozesuan egotea). Gainera, gaur egungo sare sozialen erabilera ardatz izan beharko dute lanek, eta horiek 30 minutura artekoak izan beharko dute, gaztelaniaz edo euskaraz errodatutakoak. Hala ez bada, bi hizkuntzotako batean azpitituluak txertatzea ezinbestekoa da.
Esan bezala, interesatuek abenduaren 15era arte izango dute proposamenak bidaltzeko epea. Eta eskatzaileek parte-hartze fitxa telematikoki bidali beharko dute, dokumentalaren fitxa tekniko artistikoarekin batera. Obrak, aldiz, korreo elektroniko bidez jasoko dituzte antolatzaileek mzubimendi@fundacionsgae.org helbidean.
Hiru sari potolo izango dira. Horrela, dokumental onenaren zuzendariak 2.000 euro jasoko ditu; bigarren sorkuntza onenaren zuzendariak 1.000 euro eskuratuko ditu; hirugarrenak 500 euro. Gainera, hiru ekoizpen irabazleak Euskal Herriko areto batean proiektatuko dituztela iragarri dute, sariketaren amaiera-ekitaldian, eta SGAE Fundazioaren mendeko Espainiako lurraldeko beste areto batzuetan birprogramatu ahal izango direla, lehen proiekziotik hasi eta hurrengo sei hilabeteetan.