‘Negu hurbilak’ film luzea Locarnoko Zinemaldian estreinatuko da

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinemaldiaren 76. edizioaren baitan, abuztuaren 9an, Negu Kolektiboaren ‘Negu hurbilak’ filmaren mundu mailako estreinaldia izango da. Filma Maluta Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Katalunia) etxeen ekoizpena da. Isolamenduaz, itxaronaldiaz eta betiereko nortasunaren irrikaz diharduen lana da ‘Negu hurbilak’, eta ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Filmaketa Nafarroako Zubieta herrian egin da, eta bertako bizilagun batzuk dira aktore taldeko kideak, hala nola Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban. Jone Laspiur da protagonista, filmean parte hartu duen aktore profesional bakarra, hain zuzen.

Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, Bartzelonako, Tarragonako, Gijongo edota Palmako zenbait zinemalditako industria sailetatik igaro ondoren, Negu Kolektiboaren fikziozko lehen film luzea Locarnon estreinatuko da mundu mailan. Zehazki, ‘Negu hurbilak’ Suitzako hiriko zinemaldiko ‘Egungo zinemagileak’ atalean lehiatuko da. Hasten ari diren zinemagileen lehen eta bigarren filmak eskaintzen dituen saila da.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adriá Rocak Negu Kolektiboa osatzen dute. Kataluniako Zinema eta Ikus-Entzunezkoen Goi Eskolako ikasleak zirela elkartu ziren, eta eskolarako proiektuak garatu ahala, sorkuntza horiei heltzeko orduan antzeko kezkak eta ikuspuntuak dituen kolektiboaren oinarriak ere ezarri zituzten. Beraien lehen proiektua Euskal Herrian filmatutako ‘Erroitz’ izan zen, ondoren ‘Laiotz’ aurkeztu zuten.

Iturria: EL CORREO