Deriok pumptrack pista berria inauguratu du, Larrabarri ibilbidean, hau da, Butroi kalearekiko bidegurutzearen parean. Gainera, adin guztietako erabiltzaileek disfrutatzeko diseinatuta dago, zailtasun maila ertainekoa baita. 1.300 metro karratu inguruko eremua du, eta zirkuituak 105 metroko ibilbide nagusi bat du eta 55 metroko bigarren bat, bi metroko zabalerarekin. Guztira, 30 oztopo edo arrapala ditu, ibilbide osoan zehar banatuta, hainbat jauzi mota egiteko eta erabiltzaileen trebetasuna probatzeko. Esan bezala, mundu ororentzako izan daiteke. Izan ere, zirkuitua pedalik eman gabe edo oinari bultza egin gabe bira oso bat eman ahal izateko planteatuta dago. Era berean, 16 erabiltzaile ere har ditzake aldi berean.
Modu honetan, Udalak beste urrats bat eman nahi izan du herriko jolas- eta kirol-ekipamenduak hobetzeko. Jarduera horretarako, Udalak 99.220 euroko inbertsioa egin du, eta 2022ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesutik datorren proiektua da. Aipatzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren 28.051 euroko dirulaguntza jaso duela proiektua gauzatzeko.
Esther Apraiz alkatea, pistaren proiektua errealitate bihurtu delako oso pozik agertu da. Izan ere, ekimen guztien artean derioztarren aldetik boto gehien jaso zituen proiektuak argia ikusi duelako. «Oso pozik gaude pumptracka errealitate bat delako jada. Azpiegitura berri honek derioztarrek eskatutakoari erantzuten dio, eta skate edo mendiko bizikleta bezalako kirol modalitate ezberdinak praktikatzeko aukera berriak eskaintzen ditugu, geroz eta jarraitzaile eta erabiltzaile gehiago baitituzte», adierazi du alkateak. Apraizek azpimarratu duenez, pista berria, Udala Derioko gazteei zuzendutako programak, zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko egiten ari den apustuaren beste adibide bat baino ez da.