Cádiz Andaluziako autonomia-erkidegoko hiri eta udalerri bat da, Iberiar penintsularen hegoaldean, hego-ekialdeko muturrean. Portu-hiri zahar eta ederra da; bereziki berezia egiten duen elementu arkitektoniko batengatik da mundu osoan ezaguna: Begiratoki-dorreak. Munduan ez dago hainbeste dorre dituen hiririk. Gaur egun, XVII. mendean hiriak izan zituen 160 dorreetatik 134 kontserbatzen dira. Horien guztien artean Tavira dorrea nabarmentzen da, itsas pasealekutik ikus daitekeena, hiriko leku ikusgarri eta turistikoenetako bat. Ia itsasertzean dagoen itsas pasealekutik, Cádizko Gurutze Santuaren katedrala ikus daiteke. Estilo barroko eta neoklasikoko katedrala 1722an hasi ziren eraikitzen, 1838ko azaroan bukatutzat jo zuten, eta1931n Kultura ondasun izendatu zuten. Katedraletik pauso gutxi batzuetara, Udaletxeko Plaza edo San Juan de Dios Plaza dago, hiriko erdiguneetako bat. Plaza palmondoz beteta dago, eta musikaren doinuan dantzatzen duten iturriak ditu, kolorez aldatzen direnak.
Cádizko interes turistikoko beste leku bat Pópulo auzoa da. Hirigune historikoaren sarreran dago, udaletxearen eta katedralaren artean. Auzorik zaharrena da, XIII. mendekoa. Hirigune historikoaren barruan, Recañoko Markesen Jauretxea dago, eta elementurik nabarmenena Tavira dorrea du. 45 metroko garaiera duenez, Cádizko hiri zaharreko punturik altuena da. XVIII. mendeko eraikin barrokoa da.
Genovako parkea da, zalantzarik gabe, penintsulako parke politenetako bat, eta Cádizen dugu. XVIII. mende bukaerakoa da, eta gune historikoaren eta itsasoaren ondoan dauden antzinako hiriko harresiek inguratzen dute.
Jerez de la Frontera
Cádizetik 25 km-ra Jerez de la Frontera udalerria dago. Alde zaharrak Alcázar de Jerez izeneko XI. mendeko gotorleku arabiarra inguratzen du. Zaldi-artearen Andaluziako Errege Eskola zaldiketa eskola entzutetsua da, zaldi-ikuskizunak antolatzen dituena eta zalgurdien museoa duena. Hiria musika flamenkoagatik ere ezaguna da, eta, batez ere, izen bereko ardo mota askotarikoagatik, Jerez ardoak, hain zuzen ere. Jatorri-deitura duten ardo horiek ezaugarri sentsorialak dituzte, eta aldakuntzak eta ñabardurak, klimatologiagatik eta mahatsondoak landatzen diren lurraren ezaugarriengatik; oso gutxitan datoz bat munduko beste leku batzuetan egiten den ardoenarekin.
Gastronomia
Cádizko gastronomia tipikoa askotariko jakiek osatzen dute, eta batez ere itsasoko produktuetan oinarritzen da: almadrabako atun gorria, atun gatzatua edo arrain eta itsaskiak.
Errezeta tradizional ugarien artean, izkira-tortillak dira ezagunenak, zalantzarik gabe. Tortilla gari irinarekin, tipularekin, perrexilarekin, urarekin, gatzarekin eta izkirekin egiten da.
“Papas con choco”, patataz eta txibiaz egindako gisatua, tomate, ilar, tipula, piper berde, baratxuri, erramu eta ardo zuriarekin. “Pescaíto frito” edo arrain frijitua prestatzeko arrain txikiak erabiltzen dira, hala nola bokarta edo ontzututako barbarinak.